Joan eduki nagusira

Mikel Casares Polo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Saileko irakasle eta ikertzailea, Hashmat Khan Carletongo Unibertsitateko (Ottawa, Kanada) ikertzailearekin batera,  eredu matematiko bat diseinatzen ari da. Eredu horretan, COVID-19 delakoak Espainian kutsatzeko duen probabilitatea eta alarma-egoeraren ondorioz ezarritako bakartze sozialeko neurrien eragina aztertzen dira.

zoom Arrosadiko campusa

Arrosadiko campusa

Ikertzaileek atera dituzten ondorio nagusiak hauek dira: bakartze-ahaleginek nabarmen murrizten dute kutsaduraren abiadura, eta epidemia atzeratzen dute; bakartze sozialak nabarmen murrizten ditu kutsatutako pertsonen kopuru osoa eta heriotzak, eta konfinamenduak errendimendu gero eta handiagoak ditu; hau da, bakartzea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobeak dira emaitzak marginalki. Ereduaren lan-dokumentua eskuragarri dago Unibertsitatearen webgunean.

Emaitza katastrofikoak, bakartzea agindu ez balitz

“Ereduaren emaitzen arabera, bakartze sozialeko esku-hartzerik izan ez balitz, kutsatuen eta kutsatu gabekoen arteko harremanek populazio guztia kutsatzera kondenatuko lukete, eta 350.000 espainiar baino gehiago hilko lirateke”, esan du ikertzaileak. “Ereduko alarma-egoeran, pertsonen arteko kontaktu-kopurua 25etik 3ra murrizten da egunean, eta heriotza-kopurua % 85 murrizten da, eta ospitaleko oheen kopurua, berriz,% 92”, esan du.

Ereduaren simulazioen emaitzen arabera, “alarma-egoera lehenago deklaratu izan balitz edo urruntze sozial zorrotzagoa eragin balu, kutsatu, hil eta ospitaleratutakoen murrizketak askoz handiagoak izango ziren. Hori dela eta, funtsezkoa da epidemia goiztiarrari eusteko esku-hartzea, eta pertsonen arteko harremanak gizartearen oinarrizko beharrak asetzeko ezinbestekoak direnetara murriztea”, adierazi du ikertzaileak.

Gainera, ereduaren arabera, koronabirusaren bidezko ospitaleratze-kopururik handiena martxoaren 27tik apirilaren 4ra bitartean izango da. “Kutsadura-kopuru txikira hurbiltzeko, denbora asko beharko da”, ohartarazi du ikertzaileak. “Hasieran, kutsadura berrien kopuruak behera egingo badu ere, aste bat edo bi igaro ondoren, moteldu egingo da erorketa. Maiatzaren erdialdean, iragarpenaren arabera, ospitaleratzea eskatzen duten kasuen kopurua martxoaren amaieran lortutako balio maximoaren % 13 izango da”, esan du.

Kutsateko probabilitateari buruzko formula  

Espainian kutsatzeko probabilitatea ezartzeko ikertzaileek erabili duten eredu matematikoa epidemiak aztertzeko SIR metodologia tradizionalean oinarritzen da. 

Zehazki, kutsadura kasu berrien eguneroko kopurua zehazteko, formula bat erabiltzen da, honako adierazle hauek kontuan hartzen dituena: kutsatu baten eta kutsatu gabeko baten arteko kontaktu-probabilitatea (aldi berean, faktore askoren mende dago, hala nola, eramaten den babesa; sudurrarekin, begiekin edo ahoarekin duen kontaktua…), egunero izaten diren pertsonen arteko kontaktuen kopurua eta kutsatuen kopuruaren eta populazioaren arteko ratioa. Formula horrek kanpai moduan atzemandako kasu berrien kopuruaren bilakaera eragiten du; zenbat eta bizkorragoa izan epidemiaren hedatze-abiadura, orduan eta estuagoa izango da. Pertsonen arteko mugikortasuna eta urruntasuna kontrolatzeko neurriek kutsadurak atzeratzea, kanpaiaren altuera murriztea eta oinarria zabalagoa izatea ahalbidetzen dute.