Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak erabaki du Ikasketa Globaletako Graduko titulu berriaren oroitidazkia Unibertsitateen Kontseilura bidaltzea. NUPek 2021-2022 ikasturtean ezarri nahi du Zientzia Juridikoen Fakultateari atxikita dagoen gradu hori. Gradu berriak hiru urteko iraupena izanen du, eta gradu bikoitz gisa eskainiko da, NUPen jada ematen diren beste gradu batzuekin batera, hala nola Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduarekin, Zuzenbideko Graduarekin edo Soziologiako Graduarekin batera.

zoom Ikasgelategia

Ikasgelategia

Orain, gradu berri horren oroitidazkia Unibertsitateen Kontseiluak egiaztatu eta Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak onartu behar dute. Unibertsitateen Kontseilua Unibertsitateen Ministerioaren mendekoa da.

Gradu hau interesgarria da akademikoki, zientifikoki eta profesionalki, erakundeen jarduneko bi esparru nagusiak hartzen baititu barne: alde batetik, nazioartekotze komertziala, eta, bestetik, nazioarteko lankidetza, zentzurik zabalenean.

Ikasketa Globaletako Graduak 180 ECTS kreditu izanen ditu, honela banatuak: 48 oinarrizko prestakuntzakoak, 72 nahitaezko prestakuntzakoak, 54 hautazko prestakuntzakoak (nazioarteko praktiketako 24 ECTS barne) eta 6 Gradu Amaierako Lanari dagozkionak. Adierazi beharra dago Pompeu Fabra Unibertsitateak eta Salamancako Unibertsitateak Global Studies Gradua ezarri dutela berriki, orain Nafarroako Unibertsitate Publikoak planteatu duen graduaren antzeko profilarekin. Coruñako Unibertsitateak ere ezarriko du gradu hori denbora gutxi barru.

Nazioartekotzea eta lankidetza

Zehazki, Ikasketa Globaletako Graduaren lehen helburua da Espainiako enpresek, bereziki nafarrek, bizi duten nazioartekotze prozesua bultzatuko duten profesionalak prestatzea. Titulu berri horren justifikazio memorian zehazten den bezala, "gaur egun, zailtasunak hautematen dira enpresa batzuetan nazioarteko ingurunearen ezagutza duten profesionalak aurkitzeko, batez ere probintzietako hiriburuetan ez badaude. Horregatik, enpresen, organismoen eta erakundeen nazioartekotze prozesua gidatzeko gai diren profesionalak prestatu nahi dira, zenbait gaitan lortutako gaitasunak aplikatuz, hala nola zuzenbidean eta nazioarteko merkataritzan”.

Graduaren bigarren helburua lankidetzaren esparruan lan egin nahi duten profesionalak prestatzea da, bai garapenerako gobernuz kanpoko erakundeetan (GGKE), bai beste erakunde publiko eta pribatu batzuetan. "Sektore honetan — dio memoriak — profesionalen eskaria dago zenbait arlotan, hala nola Europako proiektuen kudeaketan edo lankidetzako eta elkartasuneko proiektuen IKTen bidezko dinamizazioan".

Lanbide-irteerei dagokienez, Ikasketa Globaletako Gradua egiten dutenek aholkularitza, informazio, kudeaketa eta arazoak konpontzeko jarduerak eta funtzioak egiten ahalko dituzte, bai enpresen eta merkataritzaren esparruan, bai gobernuetan, gobernu arteko erakundeetan, enpresetan eta administrazio publikoetako maila guztietan —tokikoa, eskualdekoa, zentrala—, bai eta nazioarteko esparruan ere, hala nola Europar Batasunean, Nazio Batuetan eta gobernu arteko eta alderdi anitzeko beste erakunde batzuetan.

Azkenik, irakaskuntzarekin eta ikerketarekin lotutako eginkizunetan ere jarduteko aukera izanen dute erakunde publiko zein pribatuetan.