Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen bitartez, “Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren beste zenbaki bat argitaratu du. Ángel García Sanz NUPeko katedradun eta ohorezko irakaslea da aldizkariaren zuzendaria. Aldizkaria dohainik jaso daiteke Unibertsitateko “Academica-e” online erakunde-biltegiaren bitartez.

 Aldizkariaren zenbaki honek “Emakumea XX. mendean” izeneko bost artikuluko dosier bat ere badu, non emakumeen Historiako eremuak aztertzen baitira generoaren ikuspegitik. 

“Emakumea XX. mendean” dosierra

Lehenbiziko artikulua María Teresa Solarena da, Nafarroako Artxibo Garaikideko atalburuarena. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboko funts dokumental berri batzuk aurkezten ditu, orain arte ezezagunak eta emakumeek Historian nolako presentzia izan duten adierazten dutenak.  

Bigarren artikuluan, Esther Aldave Monreal Historiako doktoreak (NUP) II. Errepublikako Iruñera eramaten gaitu. Garai hartan, emakumeei zuzendutako legeria-erreforma garrantzitsuak egiten hasi ziren, baina eguneroko bizitzaren analisiak erakusten du lehenagoko feminitate ereduarekin lotutako emakumeenganako indarkeriak bere horretan zirauela, onartua eta barneratua. 

Hirugarrenik, Sara Martín Gutiérrez Buenos Airesko Unibertsitateko Genero Ikasketen Ikerketa Institutuko doktoretza ondoko ikertzaileak HOACFko emakumezko langile katolikoek frankismo garaian egindako protesta hartu du gaitzat (Hermandad Obrera de Acción Católica Femenina), eta klase-identitateak eta “langileen duintasunaren” ideiak mobilizazio hartan izandako garrantzia aztertu du.

Beste bi artikuluak Francoren diktaduraren azkeneko hogei urteei buruzkoak dira. Artikuluen idazleak Historiako doktoreak dira. Soraya Gahete Muñozek 70eko hamarkadako Estatuko Kolektibo Feminista Homologatuak ditu aztergai, eta, zehazki, zein izan zen haien jatorria feminismo materialistaren korrontearen barruan, nola analizatu zuten mugimendu feministatik emakumeen egoera, zein planteamendu komun izan zituzten abiapuntu, zertan ziren desberdinak, eta nolako ekarpena egin zioten Espainiako feminismoari garai hartan.

Nerea Pérez Ibarrolak, berriz, 60ko eta 70eko hamarkadetan langileen borrokan emakumeek izandako parte-hartzea azaltzen digu, emakumeek nolako presentzia izan zuten eremu publikoan eta pribatuan, eta sozialki nola mobilizatu ziren zenbait arlotan frankismo berantiarrean.

Aldizkariko beste analisi batzuk

Pedro Berriochoak Toribio Echevarria Ibarbia (1887-1968) ekartzen du gogora: Eibarko sozialista ezohiko bat zen, Eibarko sozialismoaren «substantzia grisa», sozialismo euskaldunaren eta espainiarraren barneko mugimendu bitxi batekoa alegia. 

Ana González Gilek, berriz, “mugimendu nazionalaren” kontrako jarduerak zigortzearren Erantzukizun Politikoen Nafarroako Auzitegiak 1938an hasitako espediente bat aztertzen du. Auzipetuaren nortasun bereziagatik da nabarmentzekoa espedientea; izan ere, Carlos Muñoz Roca-Tallada aristokrata zen, eta CNTko militantea ere izan zen bizitzako etapa batean bederen (Lanaren Konfederazio Nazionala).

Azkenik, Fernando Serrano Larráyozen “Graduados en Medicina por la Universidad de Irache (1613-1769)” liburuaren aipamen bat egiten da, eta Daniel Oviedo Silvaren, Esther Aldave Monrealen eta Raquel Idoate Ancínen doktoretza-tesien berri ematen da. Aipatutako doktoretza-tesietako lehenbizikoak 1874tik 1945era Madrilgo hiriaren zaintzan atezainek izandako eginkizuna ikertzen du, bai eta informaziozko eta akusaziozko jardunbideak ere. Bigarren tesiak 1876tik 1936ra Iruñean egindako delituak ditu aztergai; eta hirugarrenak 1840tik 1874ra Ameriketara emigratu zuten 4.000 bat nafarri buruzko informazioa.