Nafarroako Unibertsitate Publikoak errolda bat sortuko du emakumeek espazio publikoan duten presentzia, jakintza-arlo guztietan egiten duten ekarpen zientifikoa eta genero-desberdintasunarekin lotuta lantzen dituzten ikerketa-ildoak bildu eta agerian jartzeko. Gaiarekin zerikusia duten graduak eta irakasgaiak ere kontabilizatuko dira, bai eta gradu nahiz master amaierako lanak, doktoretza-tesiak eta erakundeak sustatutako dibulgazio zientifikoko biltzar eta ekitaldietan egindako ekarpenak ere.
Proiektu hau #NonDiraEmakumeak? ekimenaren parte da, zeinarekin bat egin baitu NUPek martxoaren 8a dela-eta. Europako Parlamentuak Espainian duen bulegoak sustatu du ekimena, emakumeek unibertsitateetan egiten duten ekarpena ikusarazteko helburuz. Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioaren eta CRUEren laguntzarekin gauzatutako kanpaina horrek 75 erakunde sinatzaile ditu gaur egun, eta unibertsitateak dira horietako asko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Generoko Espezializazio Diplomako irakasle taldea. Ezkerretik eskuinera, Paloma Fernández, Irene Lapuerta, Patricia Amigot, Begoña Elizalde, Cristina Zoco eta Rut Iturbide
Errolda horren xedea jakintza-arlo bakoitzean genero-arrakalei eusten laguntzen duten oztopoak identifikatzea da, eta, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea. Izan ere, ekimenak oinarritzat hartzen du unibertsitateak berdintasuna sustatzeko funtsezko erakundeak direla, bai goi mailako hezkuntzan egiten duten lanagatik, bai ikerketaren emaitzek eztabaida publikoari eta garapen sozialari egiten dioten ekarpenagatik.
Espainia mailako erreferentea genero-ikasketetan
Nafarroako Unibertsitate Publikoa erreferentea da Espainia mailan genero-ikasketei dagokienez. Unibertsitateko master gisa genero-ikasketei buruz egin daitekeen titulu berekiak 390 pertsona baino gehiago trebatu ditu ikuspegi teorikoetan eta generoaren arloko esku-hartzean 2008az geroztik. Titulu horren xedea desberdintasunaren prozesuak eta kausak ulertzea da, diziplinarteko ikuspegi batetik, ezagutza lerratu gabea bermatuz eta emakumeen berdintasuna eta indarkeriarik gabeko bizitza sustatuz. Gainera, NUPeko zenbait ikerketa-taldek genero-desberdintasunak jorratzen dituzte, hainbat diziplinatatik: psikologia soziala, osasuna, zuzenbidea, gizarte-zientziak, enpresa, teknologia, historia eta artea.
NUPek hurrengo urteetan genero-ikuspegia txertatzen jarraitu nahi du, bai irakaskuntzan bai ikerketan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde aurrera egiteko.
Egindako ikerketak eta argitalpenak
Urte hauetan Unibertsitatean egindako ikerketari esker, gizarte-ereduan desberdintasuna areagotzen duten zenbait prozesu egiaztatu ahal izan dira. Desberdintasun horren erakusgarri nabarmenena indarkeria matxista da, baina lan-merkatuan, denboraren erabileran eta, oro har, generoaren araberako botere-harremanetan ere antzematen da desberdintasuna. NUPek osasunaren arloan egin berri dituen ikerketa batzuek bide eman dute ebidentzia zientifikoa sortzeko haurren gizentasunaren, elikadura osasungarriaren, osasun-arloko desberdintasunen eta bakardadeari buruzko azterketen esparruan.
Emakumeek pairatzen dituzten indarkeria- eta diskriminazio-errealitateen inguruko ezagutzari dagokionez, nabarmentzekoak dira emakumeek jaio aurretik eta ondoren jasaten duten indarkeria aztertzen duten inpaktu-lanak, bai eta Nafarroan adinekoek sufritzen duten genero-indarkeriari buruzkoak ere.
Gizarte-politiken esparruan, zenbait ikerketa eta ekarpen zientifikori esker, zainketaren antolaketa sozialean izaten diren tentsio nagusiak mugatu dira, bai eta familiei laguntzeko politikak bultzatzeko garapen- eta konparazio-indizeak sustatu ere.
Eremu juridikoan, ikerketa batzuek argia eta alternatibak eman dizkiote laneko desberdintasunari, sexuaren araberako lan-banaketari eta haurdunaldiek emakumeen lan-ibilbidean duten eraginari, eta giltzarriak eman dituzte enpresetan. Era berean, genero-ikuspegitik zuzenbideari ere ekarpenak egin zaizkio, bai genero-indarkeriari lotutako araudietan, bai gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako egungo erronka juridikoetan.
Enpresa-ikasketen esparruan egindako ikasketa-amaierako lan batzuek, bestalde, enpresetako desberdintasun-prozesuak identifikatu dituzte, eta, gaur egun, azterketa nazional bat egiten ari dira ekintzailetza sustatzeko programek emakumeengan duten eragin subjektiboari buruz.
Politika publikoen ebaluazioaren esparruan, nazioarteko zenbait proiektu nabarmentzen dira, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko baliabide publikoek duten ahalmen inklusiboa berraztertzen laguntzen dutenak. Azkenik, arteari, hezkuntzari eta genero-ikuspegiari lotutako ikerketa bat egin da, eta horrek lankidetzako estrategia jakin batzuk sortu ditu Nafarroako arte-zentro batzuekin.