Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakurketa Klubak hamargarren urteurrena betetzen du aurten. Kultura Jardueren Atalak abian jarri eta Begoña Espoz González NUPeko liburuzainak koordinatzen du. Hamar urte hauetan, 320 pertsonak hartu dute parte, eta 77 liburu irakurri dituzte.

zoom Foto de grupo

Irakurketa Klubak joan den asteazkenean egin zuen bilerako talde-argazkia. Bertan izan zen Xabier Olarra itzultzailea, 2006ko Itzulpengintzako Euskadi Sariaren irabazlea

Urte hauetan guztietan hainbat idazle etorri dira bisitan Irakurketa Klubera. Esaterako: Soledad Puértolas, Julia Montejo, Aingeru Epaltza, Cristina Aznar, Jon Arretxe, Susana Rodríguez Lezaun eta Javier Blázquez. Vanesa Casanova Libros del Asteriode argitaletxeko itzultzailea ere etorri zen, eta hark itzulitako “¡Melisande! ¿Qué son los sueños?" liburua irakurri zuten taldekoek. Jarduera berezietako bat NUPeko “Degustando” ardo-klubarekin egindako topaketa bat izan zen. Saio hartan, Noah Gordonen "La bodega" liburuaz mintzatu ziren.

Urteurrena ospatzeko, liburuen munduko hainbat profesional gonbidatu ditu klubak lauhileko honetan: itzultzaile bat, editore bat, bi liburuzain eta irakasle bat. Zehazki, otsailaren 26an, Gerbrand Bakker-en "Todo está tranquilo arriba" liburuaz jardun zuten Xabier Olarra itzultzailearekin. 2006ko Itzulpengintzako Euskadi Saria irabazi zuen itzultzaileak Raymond Queneauren "Estilo Ariketak" liburuaren itzulpenagatik eta 2016ko Itzulpengintzako Euskadi Saria James Joyceren Ulises liburuaren itzulpenagatik.

Horretaz gainera, martxoaren 18an, Orhan Pamuken “La mujer del pelo rojo” aztertuko dute, eta Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk hartuko du parte, zeinak editorearen lanbideaz hitz egingo baitu. Apirilaren 1ean, Jules Renarden “Pelo de zanahoria” liburuaren txanda izango da. Walden liburu-dendako arduradunak izango dira gonbidatuak, eta liburuzainaren lanbideaz jardungo dute. Azkenik, maiatzaren 6an, Jean Echenozen “14” liburuaz jardungo dute, eta Pablo Oscariz irakasleak hartuko du parte solasaldian, nobela historikoetako aholkularitzaz hitz egiteko.

Klubaren helburuak

Irakurketa Kluba irakurlez osatutako talde bat da, eta arduradun batek koordinatzen ditu. Liburu bat proposatzen da nork bere aldetik irakurtzeko, eta liburuaz mintzatzeko elkartzen dira gero, irakurketak sortzen dituen esperientziak eta iritziak alderatu, eztabaidatu eta trukatzeko.

Klubaren helburuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: kultura zabaltzeko eta entretenimendu gisa irakurketak berez duen balioa ezagutzea; askotariko lanak eta autoreak irakurtzeko laguntza ematea, joera artistiko eta intelektual, klasiko eta garaikideen adierazgarri direnak; eta literatura-lana bere sorkuntzaren testuinguruan ulertzea; hau da, autoreak, kritikariak eta abarrek zer iritzi duten jakitea. Horretaz gainera, idazlanari buruzko ideiak eta iritziak trukatzea kluba osatzen dutenen artean, elkar aberasteko faktore gisa; eta ideiak onartzen ikastea, kasu askotan norberaren ideien kontrakoak.