Guztira, 374 ikasle ari dira 2019-2020 ikasturtean doktoretza ikasketak egiten Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). 189 emakumeak dira, eta 185 gizonak. Kopuru horretatik, 298k nazionalitate espainiarra dute, eta gainerakoek (% 20 inguruk) beste herrialde batzuetakoa. Herrialde hauetatik etorri dira NUPera ikasle gehien: Kolonbiatik (14 ikasle), Txiletik (7), Kubatik (6), Italiatik (5) eta Venezuelatik (4).
Nafarroako Doktoretza Eskolak (EDONA) ongietorria egiteko egun bat antolatu zuen NUPen ikasten hasiko direnentzat, eta informazioa eman zien Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei eta ikasketei buruz. Ongietorria egiteko egunean, honako hauek mintzatu ziren: Mercedes Sánchez García EDONAko zuzendaria, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea eta Begoña Vicente Yenes Ikerketa Institutuetako Negozio Garapenerako koordinatzailea. Bestalde, Olga Martín Bellosok eman zuen inaugurazio-hitzaldia, Lleidako Unibertsitateko Berrikuntzaren Transferentziako eta Sustapeneko errektoreorde eta Doktoretza Eskolako zuzendari ohiak.
Gaur egun NUPen irakurtzen diren tesien erdiek nazioarteko aipamena dute. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste hauek: Espainiatik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin izana, tesiaren laburpena eta ondorioak gutxienez EBko hizkuntza batean argitaratzea (Espainiako hizkuntza ofizialetako bat ez dena), eta lana ebaluatzeko epaimahaikideetako bat gutxienez Espainiakoa ez den zentro bati lotutako ikertzailea izatea.
2015-2016 ikasturteaz geroztik, 288 doktoretza tesi irakurri dira NUPen, gehienak 2016-2017 ikasturtean (130), Espainiako araudia aldatu baitzen orduan (2007ko 1393/2007 Errege Dekretua indargabetu zen, eta 2011ko Errege Dekretua sartu zen indarrean). Ikerketa gehienak Osasun Zientzietako doktoretza programan egin dira (64), eta, ondotik, arlo hauetako doktoretza programetan: Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea (48); Giza eta Gizarte Zientziak (44); Zientzia eta Teknologia Industrialak (42); eta Komunikazioen Teknologiak, Bioingeniaritza eta Energia Berriztagarriak (42).
Doktoretza NUPen
2011ko 99/2011 Errege Dekretuaren arabera, unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa da doktoretza, kalitateko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak lortzera bideratua. NUPen kasuan, hiru atal nagusi hauetan egituratzen da doktoretzako prestakuntza: doktoregai guztientzako berdina den enbor bat, tesiaren jarduerari lotutakoa; programa bakoitzaren barruko prestakuntza espezifikoa, ikerketa-lerroei dagozkien gaitasunei lotutakoa; eta zeharkako prestakuntza, batez ere laneratzeko gaitasunak eskuratzera bideratua.
Gaur egun, hamalau doktoretza programa eskaintzen ditu NUPek, eta Unibertsitateko ikasketak antolatuta dauden bost adarretan. Zehazki, Arteak eta Giza Zientziak izeneko blokean, Giza eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Ondarea, Gizarteak eta Mugaguneak, bestetik. Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen blokean, hauek: Zuzenbide Pribatua; Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa/ Doctorate in Economics, Management and Organization; Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea; eta Gizarte Lana.
Bestalde, Zientzien blokean, programak hauek eskaintzen dira: Ingurumen Agrobiologia; Zientzia eta Teknologia Industrialak; Matematika eta Estatistika; eta, azkenik, Kimika Sintetikoa eta Industriala. Ingeniaritza eta Arkitektura izeneko blokean, berriz, hiru programa daude: Nekazaritzako Elikadura; Bioteknologia; eta Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak-TECOMBER. Azkenik, Osasun Zientzien adarrean, programa bakarra dago: Osasun Zientziak.