Elena Llorente Trujilloren doktoretza-tesiaren ikergaia honako hau izan da: aerosorgailuen palen irteera-ertzean hortz zerradunak jartzeak zer-nolako eragina duen haien errendimenduan. “Gailu horiek eta haien efikazia aski aztertuak daude lehendik, baina orain arte ez da ikertu nolako eragina duten halako konponbideek aerosorgailuen funtzionamenduan”, esan du ikertzaileak. Bikain kalifikazioa lortu du doktoretza-tesiak, eta honako hauek izan ditu zuzendari: Miguel Arana Burgui NUPeko Zientzien Saileko irakaslea eta Daniele Ragni Delft-eko Unibertsitate Teknikoko Aerodinamikako, Energia Eolikoko eta Propultsioko Saileko irakaslea.
Tesiaren egileak dioenez, etengabe eta modu egonkorrean handitzen ari da potentzia eolikoa mundu osoan, eta, horren ondorioz, hiriguneetatik hurbil dauden lekuetan eraikiko dituzte parke eolikoak eta askoz handiagoa izango da errotoreen tamaina. “Bi faktore horiengatik, aerosorgailuek sortutako zaratak maila jakin batzuek gainditzen baditu, litekeena da jendea kexatzea”. Halakorik gerta ez dadin, industriak zenbait irtenbide proposatu ditu aerosorgailuek emititzen duten zarata maila txikitzeko, besteak beste palen irteera-ertzean hortz zerradunak jartzea.
“Trailing edge serrations effect on the aerodynamic performance of wind turbines” izeneko tesian, ikertzaileak aztertu du hortz zerradunek nolako eragina duten aerosorgailuaren portaera aerodinamikoan. Lehenik, problemaren analisi teoriko batzuk egin zituen, baita 2D-ko eta 3D-ko geometria-simulazio batzuk ere; zehazki, hortz zerradunak zituen profil baten inguruko aire-fluxuaren simulazioak, plaka laua zuen profil baten ingurukoarenak eta gailu erantsirik ez zuen profil baten ingurukoarenak. Hala, koefiziente aerodinamikoak, abiadura profilak, turbulentzia, lorratzaren aldaketa eta beste zenbait datu konparatu eta analizatu zituen. “Analisi teorikoan, hortz zerradunen muntaketa-angeluak palan zenbateko inpaktua duen ere neurtzen da, baita gailuen lodierak profilaren portaera aerodinamikoan nolako eragina duen ere”.
Emaitza onak
Ikerketa teorikoaren emaitza garrantzitsuenetako bat lege enpiriko bat ondorioztatzea izan da. Jatorrizko profilaren datuetatik abiatuta, hortz zerradunak dituen profil baten euste-koefizientea iragartzen du lege horrek. Iragarpen lege hori balidatzeko, kanpaina esperimental bat egin zuten Delft-eko Unibertsitate Teknikoko LTT haize-tunelean (LTT, Low Turbulence Tunnel).
Emaitza esperimentalek aditzera eman zuten profilak hortz zerradunak izanez gero handitu egiten direla euste- eta erresistentzia-koefizienteak, eta muntaketa-angeluaren arabera ere handitu egiten direla koefiziente horiek. "Datu horiek eta hasieran proposatu nuen lege enpirikoarekin lortutakoak konparatu nituen, eta egiaztatu nuen emaitzak bat zetozela.
Gero, lege hori erabili nuen analisi teorikoa palan hortz zerradunak zituen aerosorgailu osoari aplikatzeko, “eta egiaztatu nuen hazi egiten zirela bai produkzioa bai kargak ere”. Azkenik, produkzioko datu teorikoak balidatzeko, kanpaina esperimental bat egin nuen egiazko aerosorgailu batekin. Hortz zerradunak instalatu ondoren, “egiaztatu nuen egiazko aerosorgailuan dezente handiagoa zela produkzioa, teorikoki kalkulatu nuena baino”. Gainera, ikerlan esperimental bat egin nuen aerosorgailuak emititutako zaratan gailuek eragindako inpaktu akustikoari buruz, eta egiaztatu nuen potentzia akustikoa 2dBA baino gehiago murriztu zela”.
Curriculum vitaea
Elena Llorente Trujillo Industria-ingeniaria da Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, Energia Teknologien espezialitatean. Energia berriztagarrien arloko zenbait enpresatan aritu da lanean. Lehenik, Siemens Gamesan, non palen arduraduna izan baitzen aerodinamikaren eta aeroakustikaren arloan. Zehazki, estrategiak diseinatzen zituen kargak murrizteko, produkzioa areagotzeko eta aerosorgailuek zarata gutxiago sortzeko.
Gaur egun, Nordex Energy Spain enpresan ari da lanean. Aerodinamika-arduraduna da pala-arloan, proiektuak koordinatzen ditu palen diseinu aerodinamikorako, azterlanak egiten dituaerosorgailuen zarata murrizteko gailuak analizatzeko, eta haize-tuneletako profil aerodinamikoen proba-saioak ere bai. Aditua da aerosorgailuek sortutako zaratarekin lotutako gaietan, eta arlo horretan egin du, hain zuzen ere, doktoretza-tesia.