Raquel Idoate Ancínek, “Emigración de la Navarra atlántica a América en el siglo XIX (1840-1874)” izeneko doktoretza-tesian, 4.000 emigratzaile nafar baino gehiago identifikatu ditu, eta haien tipologia zehaztu du (adina, sexua, egoera zibila, lanbidea eta jatorri geografikoa), baita bidaia hasi aurretik egin beharreko izapideak eta migrazio-fenomeno horren inguruan sortutako enpresa-egitura ere. Alde horretatik, Fort familiaren artxibo partikularra aztertzeko aukera izan du. Fortarrak Frantziatik Elizondora iritsi ziren XIX. mendearen hasieran, eta haiek eraman zituzten Amerikara 4.000 emigratzaile horien ia % 40.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Notario Protokoloen Ataleko dokumentazioan oinarritua dagoen doktoretza-tesi horrek Ángel García Sanz katedraduna izan du zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du. Lanaren bi kapitulu originalen gaiak emigranteek abiatu aurretik egin beharreko izapideak (ontziratzeko baimen- eta lizentzia-eskriturak, hitzarmenak, betebeharrak eta fidantzak) eta emigrazioaren inguruan sortutako enpresa-egitura dira (ontzi-konpainiak, mandatariak eta agenteak).
Raquel Idoatek azaldu duenez, “4.000 emigranteri baino gehiagori buruzko informazioa lortu ahal izan dut, baita bidaiaren ibilbidea marraztu ere, etxetik ateratzen zirenetik destinora iristen ziren arte; beraz, Nafarroako mendebaldeko mendialdeko emigrazioaren ikuspegi nahiko osoa dugu”. Hala, egiaztatu du Arantza eta Leitza izan zirela emigrante gehien izan zituzten herriak, eta destinorik aukeratuenak Argentina, Uruguai eta Kuba izan zirela, ordena horretan. Abiatzeko porturik ohikoenak, berriz, Pasaia, Baiona eta Bordele izaten ziren (ikerlanean, emigranteen itsasontzien zerrenda, eskaintzen ziren menuetako batzuk eta ontziko osasun-arretarekin lotutako informazioa bildu dira).
Emigranteek beren jaioterriarekin zuten harremanari dagokionez, gorde diren agirien artetik ordainketa-gutunak, testamentuak eta ahalordeak aztertu dira. “Esklaboei buruzko eskritura oso interesgarriak ere aurkitu dira, baita esklabuok nafar batzuek Kuban izan zituzten azukre- edo kafe-negozioen parte gisa merkaturatzeari buruzkoak ere —dio tesiaren egileak—. Era berean, Amerikan lortutako diruarekin egindako inbertsioen adibideak ere ematen dira: elizak (Sunbillakoa kasu), iturriak, eskolak, etab. Alde horretatik, Aristegi eta Osakar familiak nabarmendu ziren, eta haien ibilbidea Aezkoako indiano ezagunen ibilbidearekin alderatu daiteke (Elizondo, Arostegi, Chiquirrín eta abar).
Fort familiaren artxiboa
Aztertutako iturrietako bat fortarren artxibo partikularra izan da, mandatari gisa lan egin baitzuten. “Mandatariek jendea biltzen zuten Amerikara bidaltzeko; harremana zuten zenbait ontzi-konpainiarekin, eta emigratzaileak lortzen zizkieten. Ezinbesteko elementuak izan ziren Nafarroan emigrazioaren fenomenorako, eta negozioa garatzeko gai izan zirenek benetako bidaia-agentziak gidatzea lortu zuten, Nafarroan zein Amerikan, non etorkinei zerbitzuak eskaintzen jarraitzen baitzuten”.
Fortarrak enpresa-egitura konplexua sortzera iritsi ziren, eta hiru belaunalditako sei kidek hartu zuten parte bidaiarien garraioan. “Lotura horiei esker —dio Raquel Idoatek—, Nafarroako eremu zabal batean jardutea lortu zuten, Baztandik Iruñeraino. Beren funts pertsonalak (Nafarroan ez da parekorik ezagutzen) aukera ematen du emigrazioa enpresaburuaren ikuspegitik ulertzeko, ez emigrantearen ikuspegitik; hau da, orain arte fenomenoaren alderik ezkutuena ematen du aditzera”. Zehazki, negozioaren kontabilitatea, ontzi-enpresekiko harremanak, familiaren administrazioa eta abar ezagutu ahal izan dira. “Azken batean, beren dokumentuen bidez, Nafarroako mandatari-familia baten bizimodua ezagutu dezakegu, eta irudi horren inguruan zegoen ikuspegi negatiboa zehaztu, fortarrek hurbileko tratua izaten baitzuten Nafarroako bezeroekin ozeanoaren bi aldeetan”.
Bidaiak ordaintzeko moduak askotarikoak ziren: ordainketa zatikatuak, deskontuak familia bereko hainbat kide bidaiatzeagatik, mailegu edo fidantzen bidezko ordainketak, destinoan sortutako soldataren bidezkoak, etab. Askotan, emigranteen senideek etxea hipotekatu behar izan zuten bidaia ordaindu ahal izateko. “Adibidez, garaiaren arabera, 1.600 kobrezko txanpon, 100 peso fuerte edo 400 pezeta ordaindu behar izaten ziren. Hau da, urtebetean irabaz zitekeena balio zuen bidaiak”.
Emigratzaileen profila
Ikerketan, erregistratutako emigrante ia guztien izena eta, gutxienez, lehen abizena jakitea lortu du lanaren egileak, baita beste izen batekin bidaiatu zuten batzuen benetako identifikazioa aurkitu ere.
Nafarroako mendebaldeko mendialdeko emigrantearen profila bat dator emigrante baztandarrarenarekin, eta beste probintzia batzuetarako deskribatutakoaren antzekoa da: 16 eta 25 urte bitarteko gizon ezkongabea, landa-eremukoa. Emigratu zuten pertsonen % 21 emakumeak ziren, haiek ere ezkongabeak gehienak, baina gizonak baino proportzio txikiagoan.
Gizonen lanbiderik arruntena nekazariarena zen, baina beste batzuk ere bazeuden, hala nola zurgina, ikazkina, zapataria, abarketaria, gozogilea, txokolategilea, okina, sastrea, etab. Emakumeen kasuan, nekazariak, jostunak edo sukaldariak aipatzen dira, baita “emakume-lanak” egiten zituztenak ere. “Etxea gobernatzera” joan ziren emakumeak ere izan ziren.
Emigrante gehienek sinatzen baino ez zekiten. Hizkuntzari dagokionez, egileak dioenez, “zaila da gaztelaniaz eta euskaraz ala bietako bakar batean mintzo ziren zehaztea, kontsultatutako dokumentazioa ez baita eztabaidaezina. Nolanahi ere, XIX. mendean, Nafarroako mendialdean ohikoagoa izango litzateke euskara entzutea. Dena dela, badirudi hizkuntza alde batera uzten zutela Amerikara iristean”.
Curriculum vitaea
Raquel Idoate Ancín Giza Zientzietako lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean. Gero, Historiari, Espazioari eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuen Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere lanbide-jarduera kulturaren eta artxiboen kudeaketako enpresetan gauzatu du. Gaur egun ikerketa historikoak egiten ditu, batez ere tokian tokiko gaiei eta familien azterketei buruzkoak. Tesiaren aurrerapenei buruzko komunikazioak aurkeztu ditu zenbait kongresu zientifikotan, eta hiru artikulu argitaratu ditu Príncipe de Viana aldizkarian: “Maestros carpinteros, una saga familiar: los Biguiristi”, “El pleito de las ferrerías de Artikutza y Urdallue (1496-1498)”, “Conflictos sobre la explotación de recursos naturales en Navarra” eta “El proyecto de Camino Real de Pamplona a Logroño”