Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2020ko Campus Music lehiaketan izena emateko epea zabaldu du martxoaren 6ra arte, NUPeko bakarlariek eta musika taldeek parte har dezaten, edo gutxienez unibertsitate-komunitateko kide bat dutenek (ikasle, AZL, irakasle edo ikertzailea). 

Aurtengo nobedadea da, lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuak dirutan saritzeaz gainera (1.000, 750 eta 500 euro, hurrenez hurren), talde edo bakarlari irabazleak Iruñean, Bilbon eta Bordelen parte hartu ahal izango duela, “Unimusic Festival” europar programaren barruan, zeina Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen 2019ko proiektuen deialdian hautatu baita. Gainera, talde edo bakarlari irabazleak Unibertsitateen G9 Taldeko musika lehiaketan ere hartuko du parte, aurreko edizioetan bezala. Deialdiaren oinarriak Unibertsitatearen webgunean kontsulta daitezke.

Lehiakideek Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistro orokorretako batean aurkeztu behar dute lehiaketan parte hartzeko dokumentazioa; astelehenetik ostiralera, jendearentzako orduetan, eta Kultura eta Kirol Bulegora zuzenduta. 2020ko martxoaren 6ra arte (ostirala) aurkez daiteke eskabidea, eta egun horretan 14:30 baino lehen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sormen Sarien azken bost urteetako deialdietan (2015-2019) modalitate horretan saririk jaso ez dutenek parte hartzen ahalko dute.

Eskaerak aurkeztea eta emanaldia

Parte hartzeko, oinarrietan ezartzen den bezala, lehiakideek honako hauek aurkeztu beharko dituzte, behar den dokumentazioaz gain: batetik, maketa edo grabazio bat, lehiaketara aurkezten diren abestiak soilik jasoko dituena, eta, bestetik, paperezko dokumentu bat, abestien letrekin eta taldearen historia labur batekin. Aurkeztutako lanak edo/eta emanaldiak kalitate artistikoaren eta originaltasunaren arabera baloratuko dira.

Horretaz gainera, izena emandako parte-hartzaileek emanaldi bat egin beharko dute epaimahaiaren aurrean (Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak izendatutako hiru kidek osatua). 2020ko martxoan, apirilean edo maiatzean izango da, Ikasgelategiko kafetegian edo erabakitzen den lekuan, eta edonor joan daiteke ikustera. Zozketaren bidez erabakiko da zein hurrenkeratan joko duten, eta zozketa egiteko bilerara joateko dei egingo zaie parte-hartzaileei.