Nafarroako Unibertsitate Publikoak Jokatzeko Zezenei eta Tauromakiari buruzko XI. Jardunaldiak antolatu ditu datozen ostiralerako eta larunbaterako, otsailak 21 eta 22. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) Animalia Ekoizpeneko Arloak programatu ditu Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin lankidetzan, eta ikasle, teknikari eta ganaduzaleei zuzenduta daude, bai eta tauromakiaren ikerketan, bilakaeran eta defentsan interesa duten zaletuei ere.
Jardunaldiak 1999tik egiten dira bi urtetik behin, eta haietan “zezen suharraren hazkuntza eta hobekuntza, zezenketaren berrikuntzak publikoaren sentsibilitate berrien arabera, eta, bereziki, zezenketak alderdi guztietan kulturarekin duen lotura aztertuko dira”, azaldu dute antolatzaileek. Programa osoa eta izena emateko modua Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.
Jardunaldiak Sario eraikineko 04. gelan egingo dira (Arrosadiko campusa, Iruñea), eta otsailaren 21ean, ostirala, hasiko dira, 9:00etan. Inaugurazio-ekitaldiaren buru izango da Silvia Arazuri Nekazaritza Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko zuzendaria, eta bertan izango dira ekitaldiaren zuzendariak, hots, Antonio Purroy (NUP) eta Carlos Buxadé (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa) Animalia Ekoizpeneko katedradunak. Enrique Maya Iruñeko alkateak emango dio amaiera ekitaldiari.
Aditu, ganaduzale, toreatzaile eta kazetarien presentzia
Topaketan zenbait ponentzia aurkeztuko dira, eta solasaldiak eta mahai-inguruak eskainiko dira, non zenbait aditu bilduko baitira, besteak beste gai hauek aztergai izango dituztenak: zaletuen egitekoa, pikaldia, zezenketarako zezen suharren aukeraketa, herri festak, bai eta komunikabideen egitekoa ere.
Honako hauek hartuko dute parte: Rafael Rubio (Rafaelillo) eta José Pedro Prados “El Fundi” toreatzaileek eta Tomás Prieto de la Cal eta Javier Núñez de La Palmosilla ganaduzaleek, azken hau azken sanferminetako zezen “suharrena” aurkeztu zuena. Horretaz gainera, Germán Estela (Movistar Plus TV), Alfredo Casas de Bilbao eta José Carlos Arévalo (6toros6 aldizkariaren zuzendari ohia) kazetariek mahai-inguru batean hartuko dute parte hedabideek tauromakia hedatzeko duten konpromisoa aztertzeko.
* Oharra: Goiburuko argazkiaren egileak Arse eta Azpi dira (www.porlasrutasdeltoro.com)