Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) mintegi bat antolatu du otsailaren 14rako (ostirala), Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuaren bidez (I-COMMUNITAS), gai honi buruz: Siriara eta Irakera Daesh talde terroristaren kide egitera joan ziren borrokalari jihadista erradikalak beren herrialdera itzultzen direnean (Estatu Islamiar deitzen diote Daeshekoek beren buruari), zer-nolako arriskua dakarten, eta zer neurri har daitezkeen horri aurreko egiteko. Dohainik parte har daiteke mintegian, baina aldez aurretik izena eman behar da inprimaki bat betez. Mintegiaren programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Mintegian, “Los combatientes retornados” izeneko txostenaz mintzatuko dira zenbait aditu. Carlos Echeverría Jesúsek idatzi du txosten hori, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko irakasle eta ikertzaile (UHUN) eta erakunde horretako General Gutiérrez Mellado Unibertsitate Institutuko zuzendariordeak. Gainera, hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira 09:30etik 14:00etara, NUPeko ikerketa-institutuen egoitzan, hots, Jerónimo de Ayanz zentroan (Arrosadiko campusean, Iruñean).
Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo antiterroristan diharduten segurtasun indarretako zenbait ordezkari ere etorriko dira aipatutako arriskuari buruz taldean gogoeta egiteko. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren, Foruzaingoaren eta Ertzaintzaren zenbait ordezkari izango dira, segurtasunaren arduradun zuzenak baitira beren autonomia-erkidegoetan. Horiez gainera, mintegian izango dira Espainiako eta nazioarteko terrorismoaren arloan eskumen zuzena duten zenbait polizia nazional eta guardia zibil eta Espainiako Inteligentzia Zentroko kide batzuk.
Arrisku bat Europarentzat
Jihadisten erasoen arriskuari aurre egiteko, elkarri lotutako zenbait prozesu hartu behar dira kontuan: nolakoak diren indarkeriaz baliatzeko prest dauden borrokalari erradikal bihurtzeko prozesuak, zein mekanismo dauden hori saihesteko, eta segurtasuneko eta inteligentziako zer neurri har daitezkeen halako prozesuak identifikatzeko eta arazoari ekiteko. “Europarentzat oso kezkagarria da gatazkan dauden herrialdeetatik gurera bueltatzen diren borrokalarien gaia, bereziki Daesh taldearen kontrolpean edo agindupean dauden lekuetatik itzultzen direnena. Atzerrian dauden espainiar borrokalarien kopurua, baita hona itzuli direnena ere, ez da Europako beste herrialde batzuetakoa adinakoa, baina ezin dugu gutxietsi borrokalariek herrialdea ezegonkortzeko duten ahalmena”, esan du Sergio García Magariñok, NUPeko eta I-COMMUNITASeko ikertzaile eta mintegiaren antolatzaileak.
“Hona bueltatzen diren jihadistek ez dute erradikalizatze-, erakartze- eta entrenamendu-prozesu bat egin behar erasoren bat egiteko: erradikalizatuak daude dagoeneko, ongi entrenatuak, misio bat bete beharra sentitzen dute eta, tamalez, bihozgabetuak daude, gerra moduko baten esperientzia gogorra bizi izan baitute, gizagabetu egin dituena”, azpimarratu du.
Jihadista erradikal bihurtzearen fenomenoa konplexua da, eta, ikertzailearen esanean, “modu berritzaileekin heldu behar zaio gaiari, gizarteko zenbait sektore eta eragile elkarlanean arituz (langile sozialak, irakasleak, guraso elkarteetako kideak, ikertzaileak, ordezkari politikoak, segurtasun indarretako kideak, komunitate erlijiosoetakoak, elkarte zibiletakoak, enpresak...), bereziki alarma-egoera garaiz identifikatzeko eta hari aurre hartzeko mekanismoak diseinatzearren”. Hala ere, “jatorrizko herrialdera itzulitako borrokalarien gaia segurtasun indarren, inteligentzia-erakundeen eta, neurri txikiagoan, komunitate akademikoaren ardura da. Borrokalariak erradikalismotik ateratzeko programek eta espetxeek ere egiteko garrantzitsua dute, baina arriskua identifikatzeko eta ulertzeko fasearen ondotik sartu beharko lirateke beharbada jokoan”, esan du ikertzaileak.