Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Teknologia Elektronikoa Bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen Elkarteak (i2tec), elektronikaren eta enpresaren arloko hamarren bat enpresa eta elkarterekin lankidetzan, Elektronikaren Astea antolatu dute hirugarren urtez jarraian. Iruñeko Arrosadiko campusean izango da, eta hiru egun iraungo du, otsailaren 4tik 6ra, hau da, asteartetik ostegunera.

Egitarauan, diziplina horren aplikazioak zabaltzeko zenbait jarduera programatu dira, hala nola hiru orduko ikastarotxoak askotariko gaiei buruz (Arduino, PCB prototipoak, 3D inprimaketa edota aplikazioen eta jokoen programazioa App Inventor eta Unity erabiliz), Arcade erako lehiaketak, Arduino bidezko desafioak, lebitagailu akustikoen muntaketa eta hitzaldiak. Edonork izango du jardueretan doan parte hartzeko aukera, baina beharrezkoa da aurretik izena “online” ematea, postuak mugatuak baitira. Jardunaldien egitarau osoa Interneten dago kontsultatzeko.

Enpresen eta erakundeen ordezkariek emango dituzten hitzaldiek elektronikarekin lotutako zenbait gai izango dituzte aztergai, esaterako proiektuak gauzatzeko prozesua eta I+G-ko sailetako lana, eta bestelako gaiak ere landuko dira horietan, adibidez lana lortzeko aukerak, ekintzailetza eta enpresetako prestakuntza. Otsailaren 4an, Jordi Tarrida RS Components multinazionalaren Espainiako zuzendari nagusiak emango die hasiera jardunaldiei, eta 6an, berriz, María Castellanos Vicente eta Alberto Valverde García artista, ikertzaile eta teknologoak arduratuko dira itxieraz, artea eta elektronika uztartzen dituen ikuspegi desberdin bat emanez.

zoom Semana de la Electrónica

Iazko Elektronikaren Asteko lantegietako bat.

Jardunaldien sustatzaileak eta helburuak

NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailak eta Teknologia Elektronikoa Bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen Elkarteak (i2tec) sustatu dute Elektronikaren Astea, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarekin (TIIGMET), Smart Cities Institutuarekin lankidetzan (ISC) eta Ikasleen gaietarako, enpleguko eta ekintzailetzako errektoreordetza. Gainera, elektronikaren arloarekin lotutako elkarte batzuek ere lagundu dute ekimena antolatzen, esaterako Graduatu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Nafarroako Elkargoak, Unibertsitateko 4.0 Industria Katedraren bitartez, Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Nazioarteko Elkartearen (IEEE) parte den Zirkuitu eta Sistemen Elkarteak (CAS) eta zenbait enpresak: RS Components, Electrónica Falcón, Biko2, Cocuus, iAR, Geoactio, VR Magister eta Movalsys.

Carlos Ruiz Zamarreño NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta ISCko ikertzailearen hitzetan, programatutako jardueren bidez “erantzuna eman nahi zaio Unibertsitateko komunitatearen eskaera jakin bati, eta, horrez gain, teknologia elektronikoaren arloan bokazio berriak sortzea sustatu eta motibatu nahi da gizartean, arlo horretan lan-aukerak hirukoiztu egin baitira azken urteotan”.