Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2019ko Ikerketa Sariak banatu ditu. Hala, ikerketa-arloko ibilbide onenen sariak Mikel Izquierdo Redín katedradunak eta Roberto Ezcurra Orayen irakasleak irabazi dituzte; 2017ko eta 2018ko ekarpen zientifikorik onenen sariak, berriz, Miguel Beruete Díaz irakasle eta ikertzaileak, batetik, eta Mercedes Sánchez García eta Javier Faulín Fajardo katedradunek eta Fernando Lera López irakasle eta ikertzaileak, bestetik.
Ekitaldi instituzionala Ramón Gonzalo García errektoreak zuzendu zuen, eta Gurbitzak eraikineko Nicolás Oresme aretoan egin zen. Errektoreak agurra eta ongietorria eman ondoren, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak hartu zuen hitza, eta, gero, diplomak banatu zituzten. Bestalde, Mikel Izquierdo Redín katedradunak esker ona adierazi zuen saria jaso zuten ikertzaile guztien izenean.
Irakasle saridunak, errektorearekin eta Ikerketako errektoreordearekin. Esk. eskuin. Miguel Beruete, MIkel Izquierdo, Roberto Ezcurra, Fco. Javier Arregui, Ramón Gonzalo, Mercedes Sánchez García, Javier Faulín eta Fernando Lera.
Ikerketa-ibilbide gailenak
Aipatu bezala, bi ikerketa-ibilbide osori egin zioten aitormena zeremonian: Zientzia Zehatzen, Biologikoen, Medikoen eta Teknologikoen arloko Ikerketa Saria Mikel Izquierdo Redín Osasun Zientzien Saileko katedradunarentzat izan zen, eta Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Zientzia Ekonomikoen arlokoa, berriz, Roberto Ezcurra Orayen Ekonomia Saileko irakaslearentzat.
Gero, 2017. eta 2018. urteetan egindako ekarpen zientifiko hoberenak saritu zituzten. Zientzia Zehatzen, Biologikoen, Medikoen eta Teknologikoen arloan, Miguel Beruete Díaz Ingeniaritza Elektroniko eta Elektrikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak jaso zuen, “Experimental Demonstration of Metasurface-Based Ultrathin Carpet Cloaks for Millimeter Waves” izeneko artikuluarengatik, zeina hauekin batera idatzi baitu: Bakhtiyar Orazbayev, Nasim Mohammadi Estakhri eta Andrea Alú.
Horren ondotik, Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Zientzia Ekonomikoen arloko 2017ko eta 2018ko ekarpen zientifiko hoberenaren saria jaso zuten hauek: Mercedes Sánchez García eta Javier Faulín Fajardo NUPeko katedradunek (Enpresen Kudeaketa Sailekoa lehena, eta Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoa bigarrena) eta Fernando Lera López Ekonomia Saileko irakasleak, “An Extended Planned Behavior Model to Explain the Willingness to Pay to Reduce Noise Pollution in Road Transportation” izeneko artikuluarengatik, zeinean Natalia López-Mosquera irakasle eta ikertzailea ere aritu baita kolaboratzaile.
Artikulu saridunen gaiak: ikusezintasun-geruza eta kutsadura akustikoaren inpaktua
Saritu den artikuluetako bat “Metagainazaletan oinarritutako ikusezintasun-geruza ultrameheak uhin milimetrikoetarako. Frogaketa esperimentala” izenez euskaratuko litzateke, eta Advanced Optical Materials nazioarteko aldizkarian argitaratu zuten. Artikuluan, ikusezintasun-geruza ultramehe baten frogaketa esperimentala azaltzen da, terahertzen maiztasun tartean erabiltzeko dena.
Metagainazalen kontzeptuan oinarritua dago ikusezintasun-geruza, hau da, naturan ez dauden ezaugarriak izateko diseinatutako egitura artifizialetan, hori baita, hain zuzen, metamaterialen bilakaerak ekarri duen materialik berriena. Zehazki, urrezko eraztun habiaratuz osatutako metagainazal bat erabili zuten haren azpian jarritako objektua ezkutatzeko; hala, objektua ikusezin egiten da kanpotik begiratzen duenarentzat.
Saritutako beste artikuluak errepideko garraioaren kutsadura akustikoak ingurumenean zenbateko eragina duen aztertzen du, eta datu ekonomikoen bidez neurtzen du eragin hori. Horretarako, Portaera Planifikatuaren Teoria eta balio pertsonalak hartu dituzte oinarri ikerketan, herritarrek ingurumenaren inguruan nolako sentsibilitatea duten ere barne hartuz, eta kutsadura akustikoa murriztearren herritarrak zenbat ordaintzeko prest egongo liratekeen kalkulatu dute.
Egiturazko ekuazioen eredua Pirinioen eskualdeko biztanleei aplikatu zieten, Espainiaren eta Frantziaren arteko muga aukeratu baitzuten ikerketarako, trafiko dentsitate eta poluzio maila handiak dituelako. “Frogatu da jendeak ingurumenarekiko jarrera positiboa izatea erabakigarria dela ingurumena babesteko balorazio ekonomikorako. Hortaz, ingurumenarekiko sentsibilitatea hobetzeko hezkuntza-jarduera publikoak eta politikoak egiteak eragin kolektiboa izan lezake ingurumenean eta hura gutxiago hondatzearen aldeko defentsan”, esan du Mercedes Sánchezek.