Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko hainbat gune gaitu eta berritu ditu, Arrosadiko campuseko Arteen eraikinean, Ingeniaritza Informatikoko eta Ingeniaritza Biomedikoko gradu- eta master-tituluen eta Bideojokoen eta Errealitate Birtualeko Aplikazioen Garapeneko titulu berekiaren behar berriak betetzeko, alde batetik, eta Gauzen Interneteko eta 4.0 Industriako titulu berekiaren beharrak betetzeko bestetik.

Aipatutako irakaskuntza-erabileraz gain, eremu horiek ikerketa-behar berriei euskarria emateko aukera ematen dute, hala nola sentsore-sareak, zerbitzari anitzeko biltegiratzea edo 3D inprimaketa eta prototipo azkarrak. Zehazki, gune berriak interaktiboen laborategia eta cloud-IoT laborategia dira (hodeia eta gauzen Internet, ingelesez). Halaber, oinarrizko zientzien, hizkuntzen eta sistemen laborategietako instalazioak berritu dira, eta, azkenik, proiektugileak. Ekipamendu batzuetarako eta espazio berriak abian jartzeko, Unibertsitateko Informatika Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza eman du.

zoom Estudiantes, trabajando

Ikasleak, espazioetako batean lanean.

Errealitate birtuala eta hodeiko lan

Interaktiboen laborategiak errealitate birtualeko sei betaurreko ditu, bi 3D inprimagailu, oinarrizko elektronikako zenbait postu eta elkarreraginerako hainbat gailu, hala nola “Leap Motion”, “LookingGlass”, Lidar eskanerrak edo 360 graduko kamerak. Zuzkidura horren helburua da teknika berriak ikertzea, pertsonaren eta ordenagailuaren arteko elkarreragina hobetzeko, bai teknologia tradizionaletan (multi-touch pantaila, monitorea, teklatua edo sagua), bai hurrengo hamarkadan zabalduko direnetan (errealitate birtuala eta hologramak).

Bestalde, cloud-IoT laborategia erabiltzen da ikasleak cloud eta IoT motako azpiegiturak diseinatzen, muntatzen, instalatzen, operatzen eta mantentzen trebatzeko. Horren barruan sartzen da birtualizazio-tresnak, cloud azpiegiturak (IaaS, SaaS, MaaS, PaaS) eta IoT inguruneetarako plataforma adimendunak (smart platforms) erabiltzeko prestakuntza. Laborategi honen azpiegituran, konputatzeko gailuak (ordenagailuak eta GPUak edo prozesamendu grafikoko unitateak) eta sareko elektronika (kommutadoreak, APak edo WiFi, besteak beste) sartzen dira. 

zoom Estudiantes, trabajando

Ikasle bat, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzen interaktiboen laborategian.

Gaur egun, 16 ikasleri aldi berean zerbitzua emateko baliabideak daude. Horiek fisikoki lan egin dezakete bai zenbaketa-nodoekin, bai dagokien sare-elektronikarekin, bai haririk gabeko sentsore-sareekin. “Azpiegitura berezia da, eta mugarik gabe lan egiteko aukera ematen die ikasleei, beren bizitza profesionalean aurkituko dituzten antzeko aurreprodukzio-inguruneekin”, dio José Javier Astrain Escola NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak.

“Hainbat datu erregistratu eta hodeira bidaltzen dituzten bateria bidezko haririk gabeko sentsoreekin lan egiten da, biltegiratzeko, prozesatzeko eta ustiatzeko. Laborategi hau abiaraztea eta mantentzea konplexua da, eta espezializazio-maila handia eskatzen du”, ondorioztatu du irakasleak.