Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Zuzenbideko katedradun José Francisco Alenza García da Thomson Reuters Aranzadik berriki argitaratu duen “Derecho y justicia en Juego de Tronos” liburuaren egilea. Argitalpena duo formatuan egin da (paperezko liburua eta liburu elektronikoa), eta telesail horren dimentsio juridikoa erakusten du, bidea emanez pertsonaien arteko gatazkak sakonago ulertzeko, baita George R. R. Martin idazlearen “A Song of Ice and Fire” literatur sagan oinarritutako argumentuarenak ere.

Argitalpena zazpi kapitulutan egituratuta dago (fantasiazko istorioa kokaleku duten Mendebaldeko zazpi erresumekin analogia bat eginez). Hitzaurrea Cristina López Barrio idazle eta abokatuak egin du, 2017an “Niebla en Tánger” liburuarekin Planeta Sarian finalista izan zenak, eta kapituluetako bat Elisa Pérez de los Cobos Hernández Murtziako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasleak egin du.

Liburuaren amaieran bi aurkibide daude: batak, onomastikoak, hogeita bederatzi pertsonaia biltzen ditu, bakoitza liburuko zein pasartetan ageri den errazago aurkitzeko; besteak, gaikako analisia egiten duenak, liburuan aztertutako gai juridikoak biltzen ditu, eta, horiek liburuan non kokatzen diren adierazteaz gain, gai horien inguruko hurbilketa egiten du ordenamendu juridikoaren adar bakoitzetik (zibila, penala, merkataritzakoa, prozesala, administratiboa eta lanekoa, besteak beste).

Sagan eta telesailean planteatzen diren giza-, gizarte- eta politika-gatazka nagusien azterketa juridikoa egiteaz bestalde, baita agertzen diren gobernu-erakundeena eta beren oinarri eta printzipio konstituzionalena ere, “A Song of Ice and Fire sagak aukera ematen du arazo horiek guztiak gaur egun indarrean dagoen sistema juridikoarekin alderatzeko eta gatazkak konpontzeko dugun gaitasuna frogatzeko”, dio José F. Alenzak.

zoom José F. Alenza

José F. Alenza “Derecho y Justicia en Juego de Tronos” argitalpenarekin, NUPen.

Justizia eta zuzenbidea, tramaren oinarrizko gaiak

Liburuaren egileak azaltzen duenez, justizia da telesailaren tramaren oinarrizko gaietako bat, eta “protagonista guztiak saiatzen dira hura bilatzen testuinguru kaotiko eta beldurgarri batean, justiziaren ikuspegi ezkorra ematen digun testuinguru batean, boteretsuek manipulatzen eta instrumentalizatzen baitute”. Hala ere, José F. Alenzak dioenez, “Game of Thronesetik atera daitekeen lezio nagusia zera da, kaosaren, indarkeriaren eta izuaren erdian ere, beti aurki daitezkeela justizia-distirak gau beltzean, eta horiek indartu egiten dutela justiziaren alde borrokatzearen premia eta egokitasuna, egoera oso konplexua izanagatik ere”.

Bestalde, katedradunak azaldu du Zuzenbideak traman duen garrantzia funtsezkoa dela; izan ere, bertan “gatazka juridikoak kontatzen dira, era askotako krimenak erakusten dira, traizioen edo hilketen ondoriozko epaiketak, nazioarteko itunak, partikularren arteko edo partikularren eta Koroaren arteko kontratuak, ezkontzak (baita horiek deuseztatu ere), zerbitzu publikoak antolatzen dira, zergak kobratzen dira eta jarduera juridiko ugari egiten dira”.

Egileak azaltzen duenez, telesailean sakontzeko helburu nagusiaz gain, liburuak “justizia istorioko hogei pertsonaiaren inguruan nola ulertu edo praktikatzen den aztertzen du, Mendebaldean profesional juridikorik ez dagoela salatzen du, ikonografia juridikoa aztertzen du (Burdinazko Tronua, ezpatak, Harresia, nobleen heraldika, dragoiak), protagonistek justiziari eta zuzenbideari buruz esaten dituzten esaldi bikainenak azaltzen ditu eta telesailaren zenbait inkongruentzia juridiko agerrarazten ditu”. 

Azkenik, “liburuak, oro har, jakintza juridiko eta kulturalak aberasteko balio dezake, NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko LyDer Programaren helburuekin bat etorriz”, erantsi du José F. Alenzak, Zuzenbidea eta Literatura uztartzen dituen programa horren arduradunak.