Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) liderra da Frantziaren eta Espainiaren arteko “Vites Qualitas” izeneko mugaz gaindiko proiektuan. Europar Batasunak finantzatutako ekimen horren helburua mahastien bizitza luzatzea eta errentagarritasuna areagotzea da; horretarako, mahatsondoak inausteko modua eta europar mahatsondo-mentuak amerikar mahatsondoan txertatzeko teknika batzuk ikertuko dituzte. Izan ere, teknika hori XIX. mendearen hasieratik erabiltzen da filoxera intsektuaren izurriteari aurre egiteko.
Pirinioen alde bateko eta besteko bost erakunde publikok eta pribatuk ere hartzen dute parte ekimenean, eta 1,4 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Aurrekontuaren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra izeneko programaren bidez (POCTEFA 2014-2020), eta 30 hilabete iraungo du aurreikuspenen arabera. POCTEFAren helburua Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren mugaldeko eskualdeen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Zehazki, jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen dira mugaz gaindiko lurraldearen garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.
“Vites Qualitas” europar proiektuko taldekideen argazkia, proiektua abiarazteko bileran, zeina urtarrilaren 14an eta 15ean egin baitzuten NUPen
NUP da proiektuaren liderra, eta beste hauek, taldekideak: VITIS Navarra eta BlueAgro enpresak, Ikerketa Zientifikoen Goi-mailako Zentroko Mahatsondoaren eta Ardoaren Zientzien Institutua (ICVV CSIC); eta, Frantziaren aldetik, ISVV INRA institutua, zeina Frantziako mahastizaintzaren erreferentziazko erakundea baita, eta Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera.
Filoxerari aurre egiteko mentua
Filoxera mahatsondoari erasotzen dion intsektu bat da. XIX. mendean etorri zen Europara Amerikatik, bi kontinenteen artean lurrun ontziz bidaiatzea jendartean zabaldu zenean. Orduan, ia-ia desagerrarazi zituen intsektuak Europako mahastiak. Horri aurre egiteko, XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, Europako landarearen mentua mahatsondo amerikarrean txertatzen hasi ziren, azken hori intsektuarekiko erresistentea baitzen; hau da, Amerikakoa landarearen lurpeko partea zen, eta Europakoa, berriz, lur gainekoa.
Gonzaga Santesteban García NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta proiektuaren sustatzaileak dioenez, produkzio eredua aldatu egin da azken 40 urteetan, eta, horren ondorioz, sektore guztiak industrializatu egin dira, eta kostuak merkatzen ahaleginduz joan dira; horrenbestez, landareek ez dute garai batean bezainbeste irauten (20 bat urte dituztenean, zahartze seinaleak agertzen hasten dira; lehenago, berriz, 80 bat urterekin gertatzen zen hori). “Egia da onddo batzuek egurrari erasotzen diotela, baina behar bezala inausi eta txertatu ez direlako ahuldutako landareetan gertatzen da hori”, zehaztu du.
Hori dela medio, mahatsondoak inausteko eta txertatzeko jardunbide eta metodologia onak identifikatu nahi dira proiektuan. Horretarako, mahatsondoak landarearen izerdiaren fluxua errespetatuz inausteak eta mentuak txertatzeko lekua arretaz aukeratzeak landarearen bizitza-luzeran eta produktibitatean zer-nolako eragina duen ikertuko dute.