Joan eduki nagusira

Guztira 30 herrialdetako 143 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2019-2020 ikasturteko bigarren seihilekoa Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen bidez.

Gazte atzerritarrak ongi egokitu daitezen Nafarroan, Unibertsitateko berrogeita hamar bat ikasle boluntariok Buddy Programan hartzen dute parte, hots, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen batean. Programa horretan, NUPeko ikasleek laguntza ematen diete atzerritarrei, dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen, dela eta beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorriaren osagarria da ekimen hori. Harrera egiteko beste zerbitzu bat espainierako doako ikastaro trinko bat da, astebetez egiten dena Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.

Horrez gain, bisita gidatu bat ere eskaini zaie Unibertsitatean eta Iruñean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere.

 

zoom Estudiantes internacionales

Truke-programetako ikasleak NUPen..

Nondik etorri dira ikasleak?

Ikasleak (93 emakumezko eta 50 gizonezko) 30 herrialdetatik etorri dira, gehienak Europako herrialdeetatik, baina baita Afrikako, Amerikako eta Asiakoetatik ere.

Europarrak hamahiru herrialde hauetakoak dira: Frantzia (13), Italia (11), Alemania (4), Holanda (5), Turkia (7), Bulgaria (4), Moldavia (6), Txekiar Errepublika (3), Suedia (2), Austria (2), Belgika (1) eta Finlandia (1).
Amerikatik datozen gehienek Mexiko dute jatorria (28), eta, gainerakoek, Estatu Batuak (16), Txile (9), Argentina (5), Kolonbia (5), Peru (3), Uruguai (3), Brasil (2) El Salvador (2), Kanada (1), Bolivia (1), Guatemala (1) eta Paraguai (1).

Bestalde, bi ikasle etorri dira Txinatik, bat Hego Korearik, beste bat Australiatik eta hiru Mozambiketik. 

Truke-programa nazionalak eta nazioartekoak

Erasmus+ programako 66 ikasle daude (Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko). Gainerakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa berekitakoak dira: Palafox Latinoamerikako herrialdeekin trukatzeko programakoak 53 ikasle; Martín de Rada Asia eta Ozeano Bareko herrialdeekin trukatzeko programakoak, berriz, 2. Bestalde, ISEP programaren bidez (15), aldebiko hitzarmenen bidez eta bestelakoen bidez ere etorri dira beste zenbait. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak sinatu dituelako daude martxan truke-programak.