Joan eduki nagusira

Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko katedradunak eta beste ikertzaile batzuek osatutako nazioarteko talde batek geriatrikoetan bizi direnentzat ariketa fisikoko programak praktikan jartzearen alde egiten du. Programa horiek indarra, oreka eta martxa uztartzen dituzte, “hobekuntza nabarmenak eragiten baitituzte pertsonen gaitasun funtzionalean, besteak beste eskailerak igotzeko mugikortasunean, martxan edo abiaduran, oreka dinamikoan eta aulkitik jaikitzeko potentzian”. Hala egiaztatzen du “The Journal of Strength and Conditioning Research” aldizkari zientifikoan argitaratutako artikulu batek, Egokitzapenerako eta Indarra Entrenatzeko Amerikako Elkarteak argitaratutakoak (NSCA, ingelesez). “Instalazio horiek ekipamenduaren aldetik dituzten mugak tresna merke eta eramangarrien bidez gaindi daitezke: adibidez gomazko bandak, pisu bigunak, orkatiletarako pisuak edo baloi medizinalak”, azaldu du NUPeko ikertzaileak, eta deitoratu du zentro horietan bizi diren pertsonek eguneko denboraren % 3 soilik ematen dutela batez beste mugimenduzko jarduerak egiten.

“Erresistentzia-entrenamenduetan oinarritutako jarduera fisikoko programetan modu erregularrean parte hartzea ezinbestekoa da adineko horien gaitasun funtzionala mantentzeko —dio Mikel Izquierdok, zeina ikertzailea baita Navarrabiomeden (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentro mistoa) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuan (IdiSNA)—. Hala ere, datuek adierazten dutenez, zahar-egoitzetan bizi diren adinekoek eguneroko denboraren % 97 baino gehiago eserita edo erdi etzanda ematen dute, eta lanaldiaren ia bi heren jarduera pasiboak egiten —adibidez lo egiten, telebista ikusten edo irakurtzen—. Zentro horietako gehienetan, ariketa-programak aukerako jolas-jarduera gisa eskaintzen zaizkie adinekoei, erresistentzia-entrenamendua indar muskularra eta gaitasun funtzionala mantentzeko edo handitzeko estrategia eraginkortzat hartu gabe”.

zoom Mikel Izquierdo

Mikel Izquierdo Redín, NUPeko ikertzailea

Jarduera fisikoaren murrizketa nabarmena

Artikulu horren arabera, paradoxa bat gertatzen da erakunde horietan. “Haien helburua adinekoak ahalik eta denbora gehienean funtzional eta independenteak izatea da, bizi-kalitate potentzial handiagoa lor dezaten —adierazi du Mikel Izquierdok—. Hala ere, onartuak izan ondoren, pertsona askok eguneroko jarduerak beren kabuz gauzatzeko gaitasuna galtzen dute. Era berean, adineko horiek jarduera fisikoetan duten parte-hartzea izugarri murrizten da, eta horrek muskulu-masaren galera bizkorra eta gaitasun funtzionalaren murrizketa eragiten ditu. Sarkopenia, edo muskulu-masaren eta indarraren galera degeneratiboa, ohikoagoa da zentro espezializatu horietan bizi direnen artean beren etxean bizi diren adinekoen artean baino”.

Halaber, artikulu horren egileek diotenez, “entrenamendu-programen onurak nahikoa arrazoi ona izan beharko lirateke erakunde horiek ekipamendu egokiak eskuratzera bultzatzeko”. “Entrenamenduko egokitzapenak muga funtzionalak edo mugikortasunekoak dituzten adinekoekin ere eraman daitezke praktikara, eserita egoteko ariketetan oinarritutako erresistentzia-entrenamenduko programa bat erabiliz, nahiz eta gorputz osorako programek eragin handiagoa duten adinekoen gaitasun funtzional orokorrean —deskribatzen du Mikel Izquierdok—. Ikerlan batek ere ez du entrenamenduetako gertaera kardiobaskular kaltegarrien edo lesio larrien berririk eman, eta horrek iradokitzen du erresistentzia-entrenamendua segurua dela, baita pertsona ahulentzat, desgaitasun funtzionala dutenentzat edo oso zaharrentzat ere”.

70 urtetik gorakoentzako ariketa-programa

NUPeko ikertzailea VIVIfrail programaren buru izan zen. Programa horrek ariketa fisikoa sustatzen du 70 urtetik gorako pertsonen artean erorikoei eta hauskortasunari aurrea hartzeko. Proiektua Europan hasi zen garatzen, eta bi urtez (2014tik 2016ra) Europako bost herrialde aritu ziren elkarlanean (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua), arestian aipatutako NUPeko ikertzaileak koordinatuta eta Europar Batasuneko Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barnean. Gaur egun, Latinoamerikako bost herrialdetan ari dira ezartzen, EBko Horizon 2020 ikerketako eta berrikuntzako programari esker. Horrez gain, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) berriki argitaratu duen eta adinekoak modu integralean moldatzea xede duen gida kliniko berri batean jaso dute programa hori.

VIVIfrail entrenamendu-programa ezagutarazteko, ikertzaileek doako zenbait material argitaratu zituzten osasunaren arloko eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalei zuzenduak: hezkuntza gida bat, gailu mugikorretarako aplikazio bat (telefono adimentsuak eta tabletak), eta liburu elektroniko bat. Denak ere proiektuaren webgunean eskuratu daitezke (www.vivifrail.com) eta berriki eguneratu dira.

Mikel Izquierdoz gain, Estatu Batuetako zenbait erakundetako bost ikertzailek sinatu dute artikulua: Maren S. Fragala, New Jerseyko Quest Diagnostics enpresakoa; Sandor Dorgo, El Pasoko Texasko Unibertsitatekoa; William J. Kraemer, Ohioko Estatu Unibertsitatekoa; Mark D. Peterson, Michigango Unibertsitatekoa; eta Eric D. Ryan, Chapel Hilleko Ipar Carolinako Unibertsitatekoa. Bestalde, Río Grande del Surreko Unibertsitate Federaleko Eduardo L. Cadore ikertzaile brasildarrak ere sinatu du artikulua.