Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitatea Erakusteko Egunak egingo ditu: Iruñean, otsailaren 29an eta martxoaren 7an, eta Tuteran martxoaren 14an, denak larunbatarekin. Saio horietan, NUPek 2020-2021 ikasturterako eskaintzen dituen 25 graduen eta 6 gradu bikoitzen inguruko orientazio-hitzaldi espezifikoak emango dira. Hurrengo ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira batez ere jardunaldiak, bai eta haiekin datozenentzat ere (guraso eta abar). Antolamendu-kontuak direla eta, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da. NUPen webgunean dago programa osoa. Goizez izango dira saio guztiak.

Ikastegien eta titulazioen arabera antolatuta daude jardunaldiak. NUPeko ikasketei buruzko informazio-hitzaldiak emango dira, eta bisitak egingo dira Unibertsitateko instalazioetara, bereziki laborategi eta lantegietara, ingeniaritzen, osasunaren eta zientzien arloko graduen kasuan. Halaber, interesa daukatenek aukera ere izango dute Iruñeko Arrosadiko campuseko kirol-instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko. Horretaz gainera, Unibertsitate Arretarako Bulegoak zalantzak argituko ditu 10:00etatik 14:00etara, Arrosadiko campuseko liburutegiko beheko solairuan, gai hauei buruz: Unibertsitaterako sarbidea, NUPen eskaintza akademikoa, ikasleentzako baliabideak eta zerbitzuak, beka deialdiak eta tramite administratiboak, adibidez aurreinskripzioa eta matrikula.

zoom bigarren hezkuntzako zerbait irasle hitzaldi batean

Bigarren Hezkuntzako zenbait irakasle, NUPen egindako hitzaldian

Topaketa ikastetxeetako orientatzaileekin

Informazio horri buruzko xehetasunak, bai eta Unibertsitateak ikasleei eskaintzen dizkien gradu eta zerbitzu orokorren eskaintzari buruzkoak ere, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleekin egindako lan bilera batean zehaztu ziren (batez ere, orientatzaile lanak egiten dituztenekin) NUPen Arrosadiko campusean.

NUPen izenean, Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak eta Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordeak hartu zuten parte. Urtero antolatzen da lan-saio hori, Nafarroako ikastetxeek Unibertsitatearen eskaintza akademikoaren eta berritasunen berri izan dezaten.