Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuak (ISC) egindako ikerlan batek Artikulu Onenaren Saria jaso du duela gutxi egindako Zirkuitu eta Sistema Integratuen Diseinuaren Nazioarteko 34. Biltzarrean (Design of Circuits and Integrated Systems, DCIS 2019). Antonio López Martínek, NUPeko katedradunak eta ISCko ikertzaileak, aurkeztu zuen txostena. Mikroelektronikako 34 adituk osatutako nazioarteko epaimahai batek eman zuen saria, eta biltzarrean bertan egindako zeremonia batean eman zioten Antonio Lópezi.
Epaimahaiak sistema mikroelektronikoen eraginkortasun energetikoa hobetzeko egindako ikerketaren ekarpen garrantzitsua baloratu zuen. Artikulu saritua Sevillako Unibertsitateko Teknologia Elektronikoaren Saileko eta Estatu Batuetako New Mexico State University-ko (NMSU) VLSI Lab and NASA Center for Autonomous Control Engineering zentroetako ikertzaileekin lankidetzan egin da.
Emisio gutxiago eta autonomia handiagoa gailuentzat
“Teknologia digital berriek goitik behera aldatzen dute besteekin bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua. Telefonia mugikorra biztanleen % 96k dauka, eta Interneteko sarbidea haien % 81ek. Iraultza horrek, ordea, bidesari ezkutua kobratzen dio ingurumenari. Teknologia horiek aireko zirkulazioak baino bi aldiz berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen dituzte, eta 2040an emisio guztien % 14 izango direla aurreikusten da”, azaldu du Antonio Lópezek. Gailu mugikorren ugaritzearekin lotutako beste ingurumen-arazo bat, katedradunak adierazi bezala, bateria-eskaera handia da. “Pila bat fabrikatzeak sortzen duen energia baino 50 aldiz gehiago kontsumitzen duela zenbatesten da, eta pilak sortutako energia ekoizpenean gastatutakoa baino 450 aldiz garestiagoa da. Bestalde, pilek bizitza baliagarriaren ondoren tratatzeko zailak diren elementu kutsatzaile eta toxikoak dituzte”, zehaztu du.
Bi arrazoi horiengatik, eraginkortasun energetiko handiagoko sistema mikroelektronikoak garatzea da ikerketaren lehentasun orokorra, Antonio Lópezek dioenez. “Eraginkortasun handiagoak emisio gutxiago eragiten ditu, bateriak fabrikatzeko behar txikiagoa, eta gailu eramangarrietan autonomia handiagoa”, zehaztu du.
Testuinguru horretan, anplifikadoreak diseinatzeko teknika berriak proposatzen dira saritutako lanean, haien eraginkortasun energetikoa nabarmen hobetzeko. Anplifikadore horiek egungo zirkuitu integratu gehienetan oinarrizko elementuak dira, eta kontsumo osoaren parte handi baten erantzule izan daitezke. Proposatutako teknikak esperimentalki baliozkotu dira ISCko ikertzaileek 130 nm-ko (nanometro) IBMren teknologia baten mikrotxip baten bidez. “Laborategiko probetan ikusi da fabrikatutako anplifikadore-prototipoek, ohikoen aldean, ehun aldiz baino gehiago hobetzen dutela errendimendu dinamikoa energia-kontsumo bera erabiliz”, azaldu du irakasleak.
Garapen berri horren aplikazioak askotarikoak dira, eta, horien artean, bateriekin funtzionatzen duten gailuekin lotutakoak nabarmentzen dira, hala nola telefono mugikor, tableta, haririk gabeko sentsore edo gailu biomedikoekin erlazionatutakoak. “Gailu horiek guztiek seinaleak anplifikatzeko sistema eraginkorrak behar dituzte, eta, aldi berean, oso kontsumo txikia behar dute baterien bizitza eta, beraz, autonomia maximizatzeko. Garatutako anplifikadoreak bereziki erabilgarriak dira ukipen pantailen kontrolatzaileak eta gailu horiek dituzten komunikazio-hartzaileak diseinatzeko”, adierazi du katedradunak.
Hain zuzen, saritutako artikuluak “Super Class AB OTA Based on Current-Starved Nonlinear Mirrors and Dynamic Biasing” du izena, eta honako hauek sinatu dute: Antonio Lópezek, Jose María Alguetak eta María Pilar Gardek (denak NUPeko ISCkoak), Ramón G. Carvajalek (Sevillako Unibertsitatea) eta Jaime Ramírezek (NMSU).
Antonio Lópezen curriculum laburra
Antonio López (Iruñea, 1972) Telekomunikazio ingeniaria da (1995). Doktoretza NUPen egin zuen (1999), eta Doktoretzako Aparteko Saria eman zioten. Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen katedraduna da NUPen 2011z geroztik, eta ohorezko irakasle atxikia New Mexico State Universityn (NMSU, AEB) 2001az geroztik. NUPeko ISC institutuaren zuzendariordea izan da (2015-2017), bai eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoa ere (2008-2014).
Gaur egun, NUPeko Ikerketaren Arloko zuzendaria eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa-taldearen arduraduna da, baita IEEEk Espainian duen Zirkuitu eta Sistema Elektronikoen Elkarteko lehendakaria ere. Bere ikerketa-ildo nagusia kontsumo oso txikiko zirkuitu integratuen diseinua da. Gai horretan, 400 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko aldizkari eta biltzarretan, eta lau patente Seiko Epson multinazionalarekin.