Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Irakasleen Bikaintasun Sariak eman ditu. Sari hauen bidez zenbait sailetako eta arlotako sei irakaslek 2018an egindako lana goretsi da. Sariak emateko ekitaldia NUPeko Arrosadiko campuseko Nicolás Oresme aretoan egin zen duela gutxi, eta Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektorea eta Inés Olaizola Nogales Irakasleen Gaietarako errektoreordea izan ziren ekitaldiaren buru. Aitorpen saria jaso zuten irakasleen aldetik, Mª Jesús Campión Arrastia Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak hartu zuen hitza.

Aipatu irakasleaz gainera, hauek dira saria jaso zuten beste bost irakasleak: Alfredo Asiain Ansorena (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saila), María González de Audicana Amenábar (Ingeniaritza Saila), Javier Goicoechea Fernández (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saila), Eduardo Magaña Lizarrondo (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saila) eta Jesús Ángel Razquin Lizarraga (Zientzien Saila).

zoom Talde argazkia

Saritutako irakasleen talde argazkia, errektorearekin eta Irakasleen Gaietarako errektoreordearekin

Irakaskuntzaren bikaintasuna ebaluatzeko prozesua

Irakaskuntza lana ebaluatzeko aplikatu den metodoa Unibertsitatean 2007tik gai honi buruz dagoen araudi baten gaurkotze baten ondorioa da. Ebaluazioa borondatez eskatzen da eta hiru kontu biltzen ditu: egokitasuna (alegia, ematen diren edukiak Unibertsitateak, ikastegiak eta titulazioak dauzkaten ildoekin bat ote datozen plan estrategikoetan eta ikasketa planetan biltzen dituzten moduan), gogobetetasuna (jarduerak ikasleen eta arduradun akademikoen aldeko iritzia edukitzea), eta irakasleak berak bere jarduerari buruz egiten duen gogoeta eta jarduerari aplikatu zaion hobekuntza (batzordeetan eta bileretan parte hartzearen bidez, eta gaian eta irakaskuntza-estrategietan egindako prestakuntzaren bidez).

zoom Irakasle saria jasotzen

Irakasleetako bat saria jasotzen errektorearen eskuetatik

Aurkeztutako eskaerak batzorde batek ebaluatzen ditu. Batzorde horren partaideak hauek dira: Gobernu Kontseiluak izendatzen duen eta NUPekoa ez den unibertsitateko irakasle bat, gaian aditua dena, Irakasleen Gaietarako errektoreordea, ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten irakasleak, Unibertsitateko ikasleen ordezkari bat, eta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) izendatzen duen eta NUPekoa ez den unibertsitateko irakasle bat.