Oskar Fernández Luzuriaga (Iruñea, 1998) Ingeniaritza Informatikoko Graduko laugarren ikasmailako ikaslea hautatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko buru. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako talde-ordezkariek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute.
Iñigo García Gimenoren kargua hartuko du Oskar Fernándezek, 2018ko azaroan hautatu zuten ordezkariarena. Oskar Fernández Luzuriagak Mutiloako San Pedro ikastetxe publikoan eta Iruñeko Plaza de la Cruz institutuan egin zituen ikasketak, NUPeko Antzerki Taldeko kidea da, eta Navarra LAN Party topaketa antolatzen hartu du parte Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteko kolaboratzaile gisa (ANDITEC). Gainera, CREUP-CRUE topaketan ere izan da (Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinakundea eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia hurrenez hurren), bai eta CREUPen eta RITSIren zenbait biltzarretan (Informatikako Ingeniaritza Teknikoko eta Goi Mailakoetako Ikasleen Espainiako Bilera) eta aurtengo G9 Taldeko ikasleen Zaragozako lan-topaketan ere.
Ordezkari berrien aukeraketa
Ikasleen Kontseiluko buru berria organo horren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko kideak berritu zituzten, eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta eskolak) eta ikastegietako kalitatea bermatzeko batzordeetako ordezkariak hautatu. Bilkura Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egin zen, eta ikasleen komunitateko ehundik gora kidek hartu zuten parte, Tuterakoek barne (telematikaren bidez).
Oskar Fernández Luzuriagak Gizarte Laneko Graduko ikasle Leyre Ovelar García aukeratu du idazkari, eta gradu bereko Thania Andrés Iricibar koordinatzaile. Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran, halaber, Batzorde Iraunkorreko kideak ere hautatu zituzten: Marta López Marsa (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa), Abderrahmane Doukkali Filali (Zientzia Juridikoen Fakultatea), Paula Lozano Duarte (Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa), Ana Cía Lapeña (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea) eta Alaitz Gutierrez Jauregi (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea). Oraindik aukeratu gabe daude Osasun Zientzien Fakultateko ordezkaria eta Doktoretzakoa, zeinak zozketaz hautatuko baitituzte.
Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak
Ikasleen Kontseilua eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mende dago. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; Unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea eta ikastegietako batzordeetako eta sailetako kontseiluetako kide izango diren ordezkariak hautatzea.
Horretaz gainera, ordezkari-lanak egiten ditu Espainiako zenbait organotan, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluan (CEUNE), eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetan.
Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: batetik, osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita, irakaskuntzaldian; eta, bestetik, Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi kidek osatua (ikastegi bakoitzeko ordezkari bat, doktoretzako ikasleen beste ordezkari bat eta Tuterako campuseko beste bat).
1. argazkia: Ikasleen Kontseilu berria. Ezkerretik eskuinera: Marta López Marsa, Abderrahmane Doukkali Filali, Paula Lozano Duarte, Oskar Fernández Luzuriaga, Thania Andrés Iricibar, Ana Cía Lapeña eta Alaitz Gutiérrez Jauregi
2. argazkia: Oskar Fernández Luzuriaga, NUPeko Ikasleen Kontseiluko buru berria