Haurrek osasun-zerbitzuen ingurune batera joatean izaten duten beldurra eta antsietatea gutxiagotzearren, “Health Friendly” (osasun lagunkoia) izeneko proiektua jarri dute abian Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko lau ikertzailek. Nafarroako Gobernuak diruz lagundua, errealitatea zehatz-mehatz simulatuko duten espazio fisikoetan egongo dira parte-hartzaileak. Esaterako, erizaintzako kontsulta batean, ospitaleratze kirurgikoko gela batean eta sendaketa gela batean.
Honako hau da hipotesi nagusia: proiektuan parte hartzen duten haurrek beldur gutxiago izango diotela osasun-zerbitzuen inguruneari. Proiektuak hamar hilabeteko iraupena izango du, eta 2020ko ekainean amaituko da.
NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko trebetasun klinikoko eta simulazioko gunean egingo dira saioak. Erizaintzako 4. ikasmailako ikasleek eta masterreko eta doktoretzako ikasleek hartuko dute parte, eta ikerketa-taldeko zenbait kidek trebatu eta zuzenduko dituzte. Haurrei osasun-zerbitzuen testuinguru diferenteak azaldu, eta lagun egingo diete materialak probatu eta nahi dituzten galderak egin ditzaten.
Haurrek egiazko zerbitzuen itxura duten hiru gune bisitatuko dituzte: osasun etxe bateko erizaintza kontsultan, osasun azterketak aldian-aldian egiteko beharra eta bizimodu osasungarriak izateko premia azalduko zaie, eta pisatzeko, neurtzeko eta eztarria eta belarriak begiratzeko aukera emango zaie. Ospitaleratze unitatean, zangoa hautsi duen eri simulatu bat bisitatuko dute ospitale baten oinarrizko funtzionamendua ulertzen laguntzeko, eta odola ateratzeko gailuak erakutsiko zaizkie. Azkenik, “Discovery room” izeneko gelan, zenbait kontzeptu landuko dituzte haurrek. Esaterako, eskuak garbitzea zeinen garrantzitsua den eta gaixotasunak nola kutsatzen diren, eta “Lucas”en zauriak sendatzen hartuko dute parte. Bizikletan zebilela istripua izan duen maniki txirrindulari bat da “Lucas”.
Honako hauek dira NUPeko lau ikertzaileak: Erizaintzako irakasle Leticia San Martin Rodríguez, Nelia Soto Ruiz, Paula Escalada Hernández eta Marta Ferraz Torres. “INNO-CARE, Investigación sobre nuevas prácticas en enfermería” ikerketa-taldekoak dira. Horiekin batera egingo dute lan Amaia Saralegui Gainza doktoretzako ikasleak, Erizaintzako zenbait ikasmailatako bekadun eta ikasleek eta Sara Escalada eta Itziar Rubio Haur Hezkuntzako irakasleek (Mariaren Lagundikoak eta Santa Luisa de Marillacekoak hurrenez hurren).
Honako ikastetxe hauek hartuko dute parte proiektuan: Eulza ikastetxe publikoa (Barañain), Santa Luisa de Marillac (Barañain), Vázquez de Mella (Iruñea), San Ignacio-Jesuitas (Iruñea), Paderborn (Iruñea), San Cernin (Iruñea) eta Compañía de María (Tutera).
Beldurra eta antsietatea
Leticia San Martínek azaltzen duenez, honako hau da kontsulta medikora joaten diren edo ospitaleratuak diren haurren beldur handiena: beren familiartekoetatik banandua izatea, ziztakoak jasotzea edo denbora luzean ospitaleratuta egon behar izatea. “Beldurra berezko erantzuna da, helduaroarekin erregulatzen da, eta haur bakoitzaren araberakoa da. Hau da proiektu honen bidez lortu nahi duguna: egiazko osasun-zerbitzuen itxura duten guneekiko harremanak konfiantza eta ezagutza sentimendu bat sor dezala haurrengan, osasun ingurune bateko esperientzia errealari zaion beldurra gutxiagotzen lagunduko duena”.
Alde horretatik, Federation of Medical Students’ Association elkarteak (Medikuntzako Ikasleen Nazioarteko Ikasleen Federazioak) “Teddy Bear Hospital” izeneko programa jarri zuen abian duela urte batzuk. Haurrak peluxezko hartzatxoen ospitale batean sartu, eta osasun arloko profesional bihurtzen ziren egun baterako, eta gela diferenteetan barna ibili eta hartzatxo eriei zenbait prozedura egiten zizkieten.
“Health Friendly” proiektua Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko jakintza-arloetako baten barruan dago; zehazki, autoezagutzaren eta autonomia pertsonalaren arloan. Haren edukien artean, zainketa pertsonalari eta osasunari buruzko bloke bat dago. Osasun aztura egokiak ez ezik, mina eta gaixotasuna ere aztertzen ditu, eta gaixotasun egoeretan lasaitasun eta lankidetza jarrerak izatea sustatzen du. Une horretan hasten dira ikasleak osasun arloko profesionalen, giza gorputzaren eta osasuneko testuinguruaren ezagutzara hurbiltzen.
“Egokia dirudi une horretan lantzea alderdi horiek guztiak gelan ez ezik errealitatea zehatz-mehatz simulatuko duen gune fisiko batean ikasiz eta esperimentatuz”, esan du bukatzeko San Martín irakasleak.
Norbait suspertzen ikasteko prestakuntza
Ikastetxeek Osasun Zientzien Fakultatera egindako bisita baliatuz eta taldeka dauden bitartean jarduera egiteko zain, haurrek suspertze lantegi batean hartuko dute parte. Pertsona bat lurrean, galderei erantzuten ez diela, topatzen dutenean zer egin behar duten ikasten dute txikienek jarduera honetan: 112ra deitzen ikasten dute, eria segurtasuneko alboko jarreran jartzen, eta hura suspertzeko lehenbiziko maniobrak egiten. Hiri guztietako hainbat lekutan dauden desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzen ere ikasten dute Lehen Hezkuntzako 3. ikasmailako haurrek. Erizaintzako Graduko lehen, bigarren eta hirugarren ikasmailetako ikasleek egiten dute jarduera hori, ikaskuntza-zerbitzu jardueraren barruan.
Argazkia: Proiektua garatuko duten irakasle eta ikasleek taldean ateratako argazkia. Lehen lerroan, eskuinetik ezkerrera, Leticia San Martín, Paula Escalada, Marta Ferraz eta Nelia Soto Erizaintzako irakasleak