Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek eta Nafarroako Ospitaleguneko (CHN) erizain batzuek osatzen duten talde batek aplikazio bat garatu du gailu erdiiraunkorrak dituzten pazienteentzako zainketa seguruak kudeatzeko (esate baterako PICCak; PICC: bide periferikotik jarritako kateter zentralaren ingelesezko siglak), bai ospitaleetan bai ospitaletik kanpo.
Proiektua, Semi-Permanent Access Device (SPAD-Care) izenekoa, aplikazio mugikor bat da. Pazientearen segurtasunari laguntzea du xede, informazio egokia eta eguneratua emanez modu errazean eta ebidentzia zientifikoarekin, bai pazienteek, bai gailu berriekin ohitu gabeko profesionalek erraz eskuratzeko moduan.
Hauek dira proiektuan parte hartu duten NUPeko ikertzaileak —denek Smart Cities Institutuarekin (ISC) dute lotura—: Francisco Falcone Lanas, Luis Serrano Arriezu, Peio López Iturri eta Jesús Daniel Trigo Vilaseca (guztiak Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailekoak) eta José Javier Astráin Escola (Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoa). Nafarroako Ospitalegunearen aldetik, erizain hauek hartu dute parte: Amaya Mañeru Oria, Inés Corcuera Martínez, Sara Maali Centeno, Beatriz Ibarra Marín, Ana María Díez Revilla, Lourdes Martín Nevado, Maribel Casado del Olmo, Leire Ozcoidi Ballaz, Marta Ballesteros Gracia, Oihana Jiménez Echeverría eta Marco Aldonza Torres.
Aplikazioa egin duten NUPeko ikertzaileak eta Nafarroako Ospitaleguneko erizainak. Nafarroako Erizaintza Eskolak lagatutako argazkia.
Proiektuan parte hartu duten ikertzaileak eta proiektuak jaso dituen aitorpenak
Inés Corcuerak azaldu duen bezala, telefono mugikor batekin gailua detektatzea da aplikazioaren helburua, horretarako NFC irudi edo teknologia baliatuta (Near Field Communication haririk gabeko teknologiaren ingelesezko siglak). Teknologia horrek gailuan bertan txertatutako txip bat identifikatzen du. “Jarraian, aplikazioak zer gailu den adierazten du, adibidez, PICC bat, eta ahotsaren bidez (eskuak erabili behar ez izateko), hura mantentzeko eta zaintzeko hurrengo urratsak eskaintzen ditu. Etxean zaintza egiten duten senitartekoek eta/edo pazienteek erabiltzeko pentsatuta dago, baita ospitaletik kanpo lan egiteagatik gailu horiekin kontakturik izan ez duten erizainek erabiltzeko ere”, zehaztu du.
Proposamena osasunaren arloko negozio-ideia irabazleetako bat izan zen iaz Nafarroako MEDTCH Akademiaren programan. Nafarroako Gobernuak sustatzen du programa hori, Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bidez. Gainera, duela gutxi lehen saria jaso zuen SEDAP Sariaren bigarren edizioan (Sociedad Española de Directivos de Atención Primaria), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun-kudeaketaren arloko esperientzia berritzaileei emandakoa.