Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea buru izan zen 427 ikasleri harrera egiteko ekitaldian, astelehenean, abenduak 23. Ikasle horiek 2019-2020 ikasturtean parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 39 herrialdetan. Ikasle gehienak (282) Erasmus programakoak dira; 97, Palafoxekoak; 15, Martín de Radakoak; 18, aldebiko hitzarmenetakoak; 11, ISEP USAkoak; eta 4, ISEP Nazioartekoa izeneko programakoak. Ekitaldian zehar, gazteek Rural Kutxak unibertsitateen arteko trukerako ematen dituen bekak jaso dituzte, eta gazteen senitarteko eta adiskideak ere bertan izan dira.

Ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin da, eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotze errektoreordearen hitz batzuek eman diote hasiera. Ondotik, Nafarroako Rural Kutxako buru Ignacio Terés Los Arcos mintzatu da, eta bekak eman dizkie ikasleei. Beken diru-kopurua aldatu egiten da ikasleek atzerrian ikasturte oso-osoa egin edo seihileko bat egin. 59 ikaslek dute ikasturte osoko egonaldia; 238k pasatuko dute lehen seihilekoa eta 130ek bigarrena. Ramón Gonzalo NUPeko errektorearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari.

Ikasleak (242 emakume eta 185 gizon) 39 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira. Hauek dira ikasle gehien jasotzen dituzten herrialdeak, ordena honetan: Italia, Alemania, Polonia, Mexiko, Frantzia, Txile, Portugal, Estatu Batuak, Belgika, Brasil, Peru eta Txekiar Errepublika.

Eta hauek dira NUPeko ikasleren bat jasotzen duten beste herrialdeak: Argentina, Australia, Austria, Bulgaria, Kanada, Txina, Kolonbia, Hego Korea, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Grezia, Holanda, Hungaria, Irlanda, Islandia, Japonia, Lituania, Malta, Norvegia, Paraguai, Erresuma Batua, Suedia, Suitza, Taiwan, Turkia eta Uruguai.

zoom Estudiantes y autoridades

Ikasleak eta agintariak, ekitaldi instituzionala amaitu ondoren.

Hainbat mugikortasun programa

Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek, aipatu den bezala, Erasmus programan parte hartzen dute (Europar Batasunaren prestakuntza programa, goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetza bultzatzekoa).

Garrantziari erreparatuta, Palafox da bigarren programa, Nafarroako Unibertsitate Publikoak berak sortua Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko. Programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, ikasleek bermea izanik, betiere, aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko zaizkiela itzultzen direnean.

NUPen nazioarteko beste programa bat Martín de Rada izenekoa da, bere baitan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako zenbait unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak biltzen dituena. Programa horietaz gainera, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako unibertsitate batzuekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak ditugu. Eta, azkenik, ISEP USA dugu, Estatu Batuetako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen duena, eta ISEP Nazioartekoa.