Joan eduki nagusira

NUPeko Iñigo de Carlos Artajo eta David Garciandía Igal ikasleak (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzekoak biak) berezko hizkuntza gaztelania duten parte-hartzaile bakarrak izan dira Oxforden (Erresuma Batuan) berriki egin den “Oxford IV” eztabaida txapelketan. Txapelketa hori nazioarteko eztabaida txapelketa ospetsuenetako bat da. 

"The Oxford Union"ek, Oxfordeko Unibertsitateko "college" garrantzitsuenetakoak, antolatutako txapelketan, munduko unibertsitate entzutetsuenetatik etorritako 123 taldek hartu dute parte (talde bakoitza bi ikaslek osatua), horien artean Harvard, Yale, Stanford, Princeton (Estatu Batuetakoak), eta Oxford, UCL edo Cambridge (Erresuma Batukoak). Ikasleek NUPeko Nazioartekotze Errektoreordetzak emandako laguntza bati esker hartu dute parte txapelketan, nazioarteko lehiaketetara joateko deialdiaren esparruan.

NUPeko taldea oso ongi aritu da, eta University College of Londonen gainetik geratu da (UCL, munduko zortzigarren unibertsitaterik onena, QS World University Rankingsen arabera), baita Txinako unibertsitateen (Xi 'an Jiaotong-Liverpooleko Unibertsitatea) eta Indiakoen (Utkal University) gainetik ere. Halaber, Íñigo de Carlosek eta David Garciandíak talde ingeles batzuei irabazi diete aurrez aurreko saioetan. Esate baterako, Bristolgo Unibertsitatekoari, "Queen Mary University of London"ekoari eta Batheko Unibertsitatekoari, baita talde amerikar batzuei ere, Vermonteko Unibertsitatekoari kasu. Hala ere, ikasleak ezin izan ziren iritsi beren kategoriako finalaurrekora. Zortzi talde baino ez ziren sailkatzen horretarako.

zoom Iñigo de Carlos (izda.) y David Garciandía

Íñigo de Carlos (ezk.) eta David Garciandía (esk.), “The Oxford Union” “college”ko aretoetako batean.

Eztabaidaren dinamika

Eztabaida formatua "parlamentu britainiarra" deiturikoa zen. Bi talde, bina pertsonaz osatuak, aulki ilara batean jartzen dira, osaera bereko beste bi talderen parean. Aulki ilara batekoek aldeko jarrerak defendatzen dituzte, eta bestekoek, kontrakoak. Gaiak 15 minutu lehenago iragartzen dira, eta askotarikoak dira; hain zuzen ere, oraingo honetan gai hauei buruz eztabaidatu zen, besteak beste: sare sozialetan alderdi politikoen publizitatea debekatzeko aukera, Ipar Mazedoniak Europako eta Asiako Ekonomia Batasunarekin harremanak estutzea, edo mundu osoan "Libra" (Facebookek sortutako moneta) erabiltzeak izango lituzkeen ondorioak. 

Sistema honako hau zen: talde guztiak (natiboak eta ez-natiboak) talde komun berean lehiatzen dira. Taldekako fasea amaitzean, natibo onenak eta ez-natibo onenak aukeratzen dira (hau da, ESL kategoria, English as a Second Language: ingelesa ama hizkuntza ez izan arren, ingelesez hitz egiten duten herrialdeetan bizi diren eta, hortaz, ia elebidunak diren pertsonak). 16 natibo onenak final-laurdenetara, finalaurrekoetara eta finalera igaroko dira, eta ESL kategoriako zortzi onenak, finalaurrekora eta finalera. 

Jarduera nabarmena beste lehiaketa batzuetan ere

Bi ikasleak 2020ko urtarrilean graduatuko diren bi ikasleak nazioko eta nazioarteko eztabaida-lehiaketetan aritu dira NUPen ordezkari gisa, eta oso lan nabarmena egin dute. Zehazki, "World Universities Debating Championship" nazioarteko txapelketan 10. sailkatu ziren (Lurmutur Hiria, 2018). Estatu mailan, G-9 Unibertsitateen arteko Eztabaida Liga irabazi dute biek (Íñigo de Carlosek 2015ean eta David Garciandíak 2017an) eta Interpoli IV. Nazio Eztabaida Txapelketan bigarren postua lortu zuen talde bat ere osatu zuten (Valentzia, 2016). Era berean, NUPeko zenbait Eztabaida Liga ere irabazi dituzte, baita banakako zenbait sari ere. 

“Ohore handia izan da urte hauetan guztietan NUPen ordezkari izatea, nazio eta nazioarte mailako eztabaidaren esparru gorenean. Leku eta pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera paregabea izan da”, azaldu du Íñigo de Carlosek. “Asko ikasi dugu, eta, batez ere, gozatu egin dugu bideaz. Esperientzia horiek NUPeko ikasleen belaunaldi berriak eskolaz kanpoko jardueretan gehiago parte hartzera animatzeko pizgarri izatea nahi genuke. NUPen hazkundean eta nazioarteko proiekzioan gure ekarpentxoa egin izatea espero dugu”, amaitu du David Garciandíak.