Joan eduki nagusira

zoom Hitzarmenaren sinatzaileak. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera, Inés López, Juan Carlos Turumbay, Elena Zabaleta eta Miguel Rodríguez Aguirreche. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera, Joaquín Ansa Erice (Gizarte Kontseiluko burua), Carlos Gimeno, Ramón Gonzalo, Javier Miranda eta Iosu Mena Sarasola, Nafarroako Institutuetako Zuzendarien Elkartea.

Hitzarmenaren sinatzaileak. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera, Inés López, Juan Carlos Turumbay, Elena Zabaleta eta Miguel Rodríguez Aguirreche. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera, Joaquín Ansa Erice (Gizarte Kontseiluko burua), Carlos Gimeno, Ramón Gonzalo, Javier Miranda eta Iosu Mena Sarasola, Nafarroako Institutuetako Zuzendarien Elkartea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, (NUP) beste zazpi eskola elkarterekin eta Nafarroa Kutxa Fundazioarekin batera, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du, eta haren bidez Aprender-Ikasi Katedra sortu da. Nafarroan hezkuntza-eredu aurreratu bat sortzea da katedra berriaren helburua, UNESCOk Incheongo adierazpenaren bidez, hezkuntza hobetzeko prozesu inklusibo batean sektore guztiek parte hartzeko egindako deiari erantzungo diona. Ikasleen gaitasunen garapenean jarriko du arreta prozesuak.

Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektoreak, Javier Miranda Erro Nafarroa Kutxa Fundazioaren buruak eta katedrako eskola entitate guztien ordezkariek sinatu dute hitzarmena. Zehazki, honako hauek sinatu dute: Iosu Mena Sarasola (Nafarroako Institutuko zuzendarien elkartea), Elena Zabaleta Andresena (Nafarroako Ikastolen Federazioa), Jorge Lanchas Rivero (Nafarroako Ikastetxe Katolikoak), Miguel Rodríguez Aguirreche (Nafarroako Ikastetxeen Elkartea, CECE Nafarroa), Juan Carlos Turumbay Senosiain (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeetako zuzendarien elkartea), Inés López González (Eskolak euskaraz ematen dituzten Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen NIZE elkartea) eta Mariví Pérez Fernández (Erriberako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoetako Zuzendarien Elkartea). Carlos Gimeno Gurpegui Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilaria ere egon zen Katedra eratzeko ekitaldian.

Katedraren helburuak

Hezkuntza eredu berri baterako aldaketa funtsatzeko eta sustatzeko baliagarriak izango diren ikerketa eta prestakuntza jarduerak sustatzea da katedraren helburua, bai eta ikastetxeen eguneratze sistematikoa bultzatzea, eredu aurreratuak jada ezarriak dituzten eskola erakundeen eta parte hartu nahi duten beste ikastetxe batzuen arteko mentoretza proiektuak laguntzea eta sustatzea eta ikerketa tesiak eta lanak egiten laguntzea katedraren gaietan.   Halaber, katedrak aholkularitza jarraitua emango die hezkuntza erakundeei, irakasleei zuzendutako prestakuntza ekintzak antolatuko dituzte eskola eredu aurreratua zabaltzeko, bai eta topaketak, jardunaldiak eta beste jarduera batzuk ere.

Batzorde mistoa eta batzorde aholku-emailea

NUPeko eta Nafarroa Kutxa Fundazioko bina ordezkarik batzorde misto bat osatuko dute, eta batzorde horrek proposatuko du katedraren zuzendaria, urteko jarduera programa gidatu dezan eta hura gauzatzen dela begira dezan.

Horretaz gainera, batzorde aholku-emaile bat ere edukiko du, entitate sinatzaileen ordezkariek eta hezkuntza munduko adituek osatua, eta laguntza eta orientazioa emango du katedraren jarduerak eraginkortasunez erantzun diezaion Nafarroako hezkuntza sektoreak hezkuntzako eredu aurreratu baterantz joateko duen borondateari.