Joan eduki nagusira

 

zoom Ezkerretik eskuinera, Alejandro Torres eta Joaquín Mencos.

Ezkerretik eskuinera, Alejandro Torres eta Joaquín Mencos.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza Eskubideen Sustapenerako Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak erabaki du Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisariotzari (ACNUR) ematea 2019ko saria, 36.000 eurokoa, “1951ko urtarrilaren 1az geroztik munduan errefuxiatuen eta desplazatuen alde egiten duen babes- eta laguntza-lan txalogarriarengatik, ordutik 50 milioi laguni baino gehiagori lagundu baitie”.

 

Saria jaso duen erakundearen izena astearte honetan eman dute jakitera, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Honako hauek izan dira ekitaldian: Joaquín Mencos Doussinague epaimahaiburu eta Brunet Fundazioko lehendakariordea eta Alejandro Torres Gutiérrez epaimahaiko idazkari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna.

Nazioarteko Sariaren epaimahaiak epaian nabarmendu duenez, ACNURek “goraipatzeko moduko lana egiten du errefuxiatuen giza eskubideak bermatzeko eta jazarpena jasan dezaketen herrialde batera beren borondatearen aurka ez aberriratzeko. Aitzitik, haiek jatorrizko herrialdera itzultzeko erraztasunak ematen ditu baldintzek hala ahalbidetzen dutenean, eta, hori bideragarria ez bada, bide da asilo-herrialdeetan integratzeko edo hirugarren herrialdeetan birkokatzeko”. Halaber, epaiak dioenez, aitortza egin nahi izan zaio “aberrigabeak nahiz arraza, erlijio, nazionalitate, iritzi politiko edo talde sozial jakin bateko kide izateagatik jazarritako pertsonak defendatzeko dedikazioari”. “Era berean, gizakiaren oinarrizko eskubiderik funtsezkoenak erabat gauzatzeko egindako borroka ausarta saritu nahi da, hala nola hezkuntzarako eskubidea, enplegua, etxebizitza edo kontzientzia-askatasuna”.

ACNUR, 134 herrialdetan

ACNUR 134 herrialdetan dago gaur egun, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Europan desplazatutako pertsonei laguntzeko sortu zen. Orduz geroztik, hurrengo hamarkadetan izan diren gatazken ondorioz beren etxea utzi behar izan duten milioika errefuxiaturi eta desplazaturi lagundu die mundu osoan, besteak beste Hungariako iraultzaren ondorioz, Zipreko greziar eta turkiar komunitateen arteko liskarretan, Europako Balkanetako gerraren ondorioz, Aljeriako independentziaren ondoren eta hainbat krisialditan: Ruanda, Mozambike, Sudan, Namibia, Somalia, Kamerun, Txad, Niger, Nigeria, Afrika Erdiko Errepublika eta Libia. Bestetik, Timorren (Ozeania) izandako arazoetan edo Asiako herrialde askotan bizitako gertakari traumatikoetan ere hartu dute esku: Bangladesh, Kanbodia, Laos, Vietnam, Afganistan, Pakistan, Sri Lanka, Yemen, Irak eta Siria.

60ko hamarkadaren amaieratik, ACNURek ordezkaritza bat du Espainian, errefuxiatu eta asilo-eskatzaileenganako errespetua eta haien nazioarteko babesa zaintzeko. Horretarako, gobernu, GKE eta erakundeekin lan egiten duen legezko, komunikazioko eta kanpo harremanetako talde bat du, aholkularitzaz eta prestakuntzaz arduratzen dena eta, gainera, errefuxiatuak Espainian birkokatzeko, integratzeko eta familiak berrelkartzeko programak sustatzen dituena.

Sortu zenetik, ACNURek bitan irabazi du Bakearen Nobel Saria (1954an eta 1981ean), eta behin Lankidetzako Asturiasko Printzea Saria (1991n), besteak beste. Gaur egun, 11.000 pertsonak egiten dute lan erakundearentzat hainbat herrialdetan.

Fundazioa eta Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatu bat da, eta bere helburua giza duintasunarekiko, oinarrizko askatasunekiko eta giza eskubideekiko errespetua sustatzea da, bai eta egoera eta tratu anker edo iraingarriak desagerraraztea ere. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko. Guztira, Jaime Brunet Nazioarteko hemeretzi Sari eman ditu fundazioak 1998az geroztik; azkena, 2017an, Vicente Ferrer Fundazioari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko bertako buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Zuzeneko ondorengorik ez zuenez, eta bidegabeko jarduketen aurka agerrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, bere dirutza oinordetzan uztea erabaki zuen, giza eskubideak zabaltzera eta haien alde egindako lanagatik aitorpen hori merezi zutenak saritzera dedikatuko eta bere izena izango zuen fundazioa sortzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, bere testamentu borondateari jarraikiz egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duena.