Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaile bat NUPeko Kimika Ez-organikoko Laborategian.

Ikertzaile bat NUPeko Kimika Ez-organikoko Laborategian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2019ko ikerketa-taldeen katalogoa onetsi du. Gaur egun, 104 ikerketa-talde eta 1.089 ikertzaile ditu NUPek, eta katalogoan jasotzen da, hain zuzen, zein ikertzaile ari diren ikerketa-taldeetan, oinarrizko zein ikerketa-ildo dituzten eta nola jarri haiekin harremanetan. Oinarrizko unitate horietan antolatuta dago Unibertsitateko ikerketa, eta lau arlo handi hauetan banatuta: Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (34 talde), Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Giza eta Gizarte Zientziak (22 talde), eta Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22 talde).

Ikerketa-taldeetan, lan-ildo bertsuak dituzten ikertzaileak elkartzen dira, talde-arduradun bat izaten dute, eta ikerketari laguntzeko deialdi publikoetara (Europar Batasunekoak, Espainiako Gobernukoak eta Nafarroakoak) eta pribatuetara aurkezten dituzte proiektuak. Ikertzaileen kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta profila erabakigarriak dira finantzabidea lortzeko.

Ikerketa-taldeen kopuruak gora egin du denboran zehar: 1999an 74 talde zeuden, 2002an 88, 2005ean 98, 2010ean 105 eta 2012an 111 (ikerketa-talde gehien izan dituen urtea). Era berean, ikertzaileak ere ugaritu egin dira azken hamarkadan: 2006an 827 ziren; gaur egun, berriz, 1.075. 2016an, tesia egiten ari ziren doktoretzako ikasleak sartu zituen ofizioz Ikerketa Batzordeak.

Urteko katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero eguneratzen du ikerketa-taldeen katalogoa oinarrien bidez. Katalogoa onetsi ondoren, jendaurrean jartzen da, Unibertsitatearen ikertzeko ahalmena ezagutzera emateko.

Azken hamabost urteetan, NUPen ikerketako barne-politika ikerketa-taldeak indartzera bideratu da, etengabeko hobekuntza bultzatuz bai oinarrizko ikerketan bai ikerketa bideratuan, eta, bestetik, jakintza sektore produktibora eta gizartera transferitzera. Egia da, hala ere, azken bost urteetan ikerketa-institutuak garatzearen eta sendotzearen alde egin dela, ikerketaren ardatz izan daitezen.

Ikerketa-taldeen produktibitatea, barnekoa zein kanpokoa, ebaluatu eta baloratu egiten da etengabe, eta horren emaitzen mende egoten da barne-finantzaketa.

2005ean ekin zitzaion ebaluazioari, Sustapen Planaren bidez (urtean behingo barne-ebaluazioa) eta Lehiakortasun Planaren bidez (bi urtean behingo kanpo-ebaluazioa). Izan ere, ikerketa-taldeak sendotzeko eta kanpo-ebaluazioa egiteko estrategian aitzindaria izan da NUP Espainian.