Joan eduki nagusira

zoom Lehiaketaren irabazleak sariak jasotzen. Ezkerretik eskuinera Sagrario Anaut, Malen Eizaguirre (lehen saria), Inés Gabari (Ana Remedios Alemánen accesita jasotzen) eta “El Langui”, sariak emateko ekitaldira gonbidatua

Lehiaketaren irabazleak sariak jasotzen. Ezkerretik eskuinera Sagrario Anaut, Malen Eizaguirre (lehen saria), Inés Gabari (Ana Remedios Alemánen accesita jasotzen) eta “El Langui”, sariak emateko ekitaldira gonbidatua

Malen Eizagirre Mayo Erizaintzan graduatua da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasketen Amaierako Lan Onenaren Lehen Saria lortu du –desgaitasunarekin lotutakoa– IV. edizioan. Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak, NUPeko irakasleek eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek osatutakoak, antolatzen du lehiaketa, eta aurtengo saridunak tableta elektroniko bat irabazi du sari gisa. Lehiaketaren epaimahaiak, era berean, accesit bat eman dio Ana Remedios Alemán Castillejo Unibertsitateko Lehen Hezkuntzako Irakasletzan graduatuari.

Saria emateko ekitaldia “Desgaitasuna mintzagai” izenburuko jardunaldien esparruan egin zen. Jardunaldiak duela gutxi egin ziren NUPen. Juan Manuel Montillak (“El Langui”) eman zuen saria. Gonbidatu gisa parte hartu zuen jardunaldietan Sagrario Anaut Bravo Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteko lehendakariak (sariak antolatzen dituen entitatea). Elkartearen helburua desgaitasunaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza babestea da, baita esperientzia eta laguntza helarazten ahal duten pertsonak eta hori behar dutenak harremanetan jartzea ere. Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateko teknikariak ere bertaratu ziren ekitaldira.

Saritutako lanak, zehatz-mehatz

Lan honek irabazi du saria: “Cuídame como en casa: Humanización de la atención en centros residenciales para personas con discapacidad intelectual”. Raquel Sáenz Mendía Osasun Zientzien Saileko irakasleak zuzendu du. Egileak desgaitasun intelektuala duen populazioaren bizi-itxaropenaren areagotzea aztertzen du, eta nola zahartzeak erronka berriak dakarzkien profesionalei eta zaintzaz arduratzen diren familiei. Familiek zaintzaren instituzionalizaziora jo behar izaten dute sarri.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen laguntza premia jartzen du agerian ikerketak, eta gizakien neurrira egokitutako egoitzetan haien autonomia areagotu beharra azpimarratzen. Hala, profesionalak prestatzearen aldekoa da, bai eta zentroak egokitzearen aldekoa ere giza eskubideetan arreta jarriz gizakien neurrira egindako arreta emateko. Lanean aipatzen denez, familiak arretaren barruan sartzea nahitaezkoa da, bai eta ahozkoak ez diren komunikazio estiloak erabiltzea ere populazio horrekin interakzioa izateko tresna gisa.

Bestalde, Ana Remedios Alemánen lanak, accesita lortu duenak, izenburu hau du: “Educación emocional: experiencia de interioridad en un aula Unidad de Transición (UT)”, eta Inés Gabari Gambarte Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak zuzendu du.

Honako gai hauek ditu aztergai lanak: hezkuntza emozionala eta barnekotasuna TU gela bateko eskolatze arruntean (trantsizio unitatea, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei arreta emateko gunea). Horretarako, egileak esparru teoriko bat prestatu zuen, eta gero TU gela baten testuinguruan kokatutako esperientzia didaktiko bat aztertu zuen barnekotasun saio batean. Emaitzek erakutsi dute nabarmen hobetu zela behar bereziak dituzten ikasleen emozioen eta jokabidearen autorregulazioa.