Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk eredu anatomikoak behatzen tanatopraxiako mahaietako batean.

Ikasle batzuk eredu anatomikoak behatzen tanatopraxiako mahaietako batean.

2019-2020 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) abian jarri den Medikuntzako Graduko ikasleek, bigarren seihilekotik aurrera, Osasun Zientzien Fakultatearen ondoko moduluan dagoen anatomia-laborategian egingo dituzte praktikak (Barañaingo etorbidea, z.g.). Medikuntzako ikasketetarako eraikin berria egin arte prestatu da behin-behineko laborategi hori, eta azken horrek osatu egin ditu titulazioko irakasgai guztiak emateko instalazioak, fakultatean aurretik zeudenekin batera.

Nafarroako Gobernuak finantzatu duen moduluak ehun metro koadroko azalera hartzen du guztira fakultatearen atzealdean, eta harreragune batek, bulego batek, gorpuak disekzionatzeko gela batek eta osteoteka batek osatzen dute. Zehazki, lehen ikasmailako “Lokomozio-sistemaren Anatomia” eta “Enbriologia eta Esplaknologia” irakasgaien praktikak hartuko ditu barne instalazioak, bai eta, bestalde, goragoko mailetan ematen den “Anatomia patologikoa” irakasgaiarenak ere. Horrez gain, erizaintzako ikasleek ere baliatuko dute laborategi berria.

zoom Medikuntzako zenbait ikasle Osasun Zientzien Fakultateko laborategietako batean.

Medikuntzako zenbait ikasle Osasun Zientzien Fakultateko laborategietako batean.

Gorpuak disekzionatzeko gela hozkailuz, tanatopraxiako bi mahaiz eta eskuak garbitzeko gunez hornituta dago, eta irakasle bakoitzeko bost eta zazpi lagun arteko talde txikietan lan egingo dute ikasleek.

Osteotekak, berriz, hamabost lagunek lan egiteko moduko mahai bat izango du erdian, baita beira-arasa batzuk ere, hezur-ereduak zein benetako piezak erakusteko.

Aurretik zeuden instalazioen osagarria

Osasun Zientzien Fakultatean baziren lehendik oinarrizko zientzien laborategi batzuk, biokimikan, nutrizioan, fisiologian edo biologian trebatzeko gaituak. Horietan, osasun praktikari buruzko prestakuntza jaso dezakete ikasleek, eta, aldi berean, Osasun Zientzien Fakultateko irakasleei lotutako ikerketa-proiektuak ere gauzatzen dira. Gainera, fakultatean giza gaitasun funtzionala baloratzeko gune bat ere badago, baita simulazioko eta trebetasun klinikoetako laborategiak ere.

Fakultateko instalazioetan, non Erizaintzako titulazioa ere ematen baita, badira irakaskuntzako eta informatikako gelak ere, estatistikako eta datuen analisiko eta balorazioko ariketak egiteko, bai eta liburutegi bat ere. Gaur egun, Erizaintzako, Medikuntzako eta fakultatean ematen diren masterretako 550 bat ikaslek jasotzen dituzte eskolak eraikin horretan. Unibertsitateak ematen dituen osasun-titulazioen artean, gainera, Fisioterapia (Tuterako campusean) eta Psikologia ere eskaintzen dira.


zoom Gorpuak disekzionatzeko gelaren bista orokorra: hozkailuak, tanatopraxiako mahaiak eta eta eskuak garbitzeko guneak.

Gorpuak disekzionatzeko gelaren bista orokorra: hozkailuak, tanatopraxiako mahaiak eta eta eskuak garbitzeko guneak.