Joan eduki nagusira

zoom Marta Gutiérrez Valencia, NUPeko doktore berria.

Marta Gutiérrez Valencia, NUPeko doktore berria.

Polifarmazia, hots, pertsona berak aldi berean farmako ugari hartzea, arazo bat da adinekoen artean. Arazo hori arindu daiteke “arlo desberdinetako profesionalak, hala nola farmazialari klinikoak eta geriatrak, barne hartuko dituzten berariazko estrategien bidez, gaixotasunetik harago joanen den ikuspegi batetik. Horrek botikak modu egokiagoan erabiltzen lagundu dezake”. Esate baterako, paziente akutuak ospitaleratuta dituzten geriatria unitateetan, “aukera paregabea da farmazialari batek gidatzea esku-hartze sistematiko bat, balorazio geriatriko oso baten barnean, botiken egokitasuna hobetzeko”. Horiek dira Marta Gutiérrez Valencia farmazialariak (Donostia, 1986) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesiaren ondorio garrantzitsuenak.

Nicolás Martínez Velilla (Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzuko burua) zuzendari eta Mikel Izquierdo Redín (NUPeko Osasun Zientzien Saileko katedraduna) tutore izan dituen ikerketa horren ardatza adineko pazienteen tratamendu farmakologikoa optimizatzea izan da. “Farmakoak nola erabili gai konplexua da adineko pertsonen kasuan; izan ere, faktore askok eragiten dute, osasunaren esparrukoak nahiz kanpokoak —esan du Marta Gutiérrezek—. Terapia farmakologikoa eskura ditugun tresna garrantzitsuenetako bat da osasunari eusteko edo osasuna hobetzeko. Hori hala izanik ere, polifarmaziak eta botiken erabilera desegokiak aurkako ondorioak eta arrisku egoerak ekar ditzakete, eta, ondorioz, osasuna kaltetu”. Ikertzaile horren arabera, Espainian “adinekoek botika asko kontsumitzen dituzte modu ez-instituzionalizatuan, eta, gainera, azken urteetan hautemandako joerak jarraitzen du, hots, denboran zehar polifarmaziaren prebalentzia handitzen doa”.

Ospitaleratutako adinekoak, egoera are okerragoan

“Cum laude” kalifikazioa eta nazioarteko aipamena lortu dituen doktoretza-tesian, Marta Gutiérrezek zenbait esparru hartu ditu kontuan arazo hori ikertzeko (populazioaren eta komunitatearen datuak, paziente instituzionalizatuak eta ospitaleratuak) eta aztertu du zer erlazio duten faktore desberdinekin, hala nola hauskortasunarekin. Era berean, ospitaleratutako adinekoak aztertu ditu bereziki; izan ere, “sektore horrek arrisku handiagoa du iatrogenia farmakologikoa eta botikek eragindako osasun kalteak pairatzeko”.

Marta Gutiérrezek ateratako ondorioen arabera, akutuen geriatria-unitate batean ospitaleratuta egon ondoren, “oso altua da oraindik ere polifarmaziaren, desegokiak izan daitezkeen preskripzioen edo agindu ez direnen , edo farmakoen arteko elkarreraginen prebalentzia, eta horrek ondorio larriak izan ditzake adinekoen osasunean”. “Izan ere, polifarmazia da ospitaleratutako adineko paziente konplexuak berriz ere ospitaleratzea edo larrialdi zerbitzuetara joan behar izatea eragiten duen botikekin loturiko arrisku faktorerik garrantzitsuena”, gehitu du ikertzaileak.

Gainera, espezialista horren arabera, “egungo ebidentziak polifarmaziaren eta adinekoen hauskortasunaren arteko lotura bat dagoela iradokitzen du, nahiz eta ez dagoen argi erlazio kausala”. “Hitz batez, polifarmazia hauskortasunaren eragile garrantzitsutzat jo daiteke”, esan du.

Curriculum laburra

Marta Gutiérrez Farmaziako lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Onkologia Farmazeutikoko masterduna Valentziako Unibertsitatean eta Osasun Zientzietako Ikerketako masterduna NUPen. Orain, bere doktoretza-tesia defendatu du NUPen.

Ospitaleko Farmaziako espezialista da Nafarroako Ospitalegunean 2011tik 2015era egindako BAFEren bidez (Barneko Farmazialari Egoiliarra). Prestakuntzaldi hori amaitu ondoren, bertako Farmaziako Zerbitzuan aritu zen, lanbide horretan. Gaur egun, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Berrikuntza eta Antolakuntza Atalean egiten du lan.

Ikertzaile gisa, onuraduna izan da Nafarroako Ospitaleguneko Osasun arloko Prestakuntza Espezializatuaren ondoko IV. Programan, honako proiektu honi esker: “Optimización farmacoterapéutica en pacientes crónicos complejos hospitalizados vulnerables a iatrogenia farmacológica” (2015-2017).

Nafarroako Ospitaleguneko Geriatria eta Farmazia zerbitzuekin lankidetzan burututako doktoretza-tesia egiteko, Marta Gutiérrezek doktoretza aurreko kontratu bat eskuratu zuen, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak emana (2018). Gainera, ikerketa egonaldiak egin ditu Matia Fundazioan (Donostia) eta Erromako Sacro Cuore Unibertsitatearen Agostino Gemelli Poliklinikoko Zahartzearen Medikuntza Zentroan (Italia). Halaber, sei artikulu ditu nazioko eta nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratuak, eta bere emaitzak geriatriaren eta ospitaleko farmaziaren esparruetako zenbait biltzar zientifikotan aurkeztu dituzte.