Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du gaur, azaroak 25, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko ezarritako Nazioarteko Egunarekin. Hori dela eta, Genero Berdintasuneko Unitateen Sareak (RUIGEU) igorritako komunikatuarekin bat agertu da Unibertsitatea, baita CRUE ere (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia); izan ere, “agenda politiko, ekonomiko eta sozialetan genero-indarkeria desagerraraztea lehentasuna izan dadila” eskatzen da komunikatu horretan.
Testuak dioenez, unibertsitateetan “harridura” nagusitzen da “jarrera politiko eta sozial jakin batzuek indarkeria matxista ukatzen edo justifikatzen dutenean, nahiz eta ebidentzia enpirikoek behin eta berriz gezurtatu jarrera horiek”. Gizonei ere zuzenean interpelatzen zaie “nahikoa dela esan dezaten, isiltasun konplizea apurtuz tratu txarrak ematen dituztenen ankerkeriarekin eta haien biktimekiko indarkeriarekin”.
Gainera, indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratze bat egin dute gaur Unibertsitatean, 12:30ean, ikasle-mugimenduak deituta, eta harekin bat egin dute Unibertsitateko komunitateko gainerako kideek (Administrazioko eta Zerbitzuetako langileek eta irakasle eta ikertzaileek). Elkarretaratzearekin batera, ikasleek aldarrikapena egiteko “performance” bat antzeztu dute.
Azkenik, gaur arratsaldeko 17:30ean, Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 028. gelan (Gela Osasungarria), Dulce Chacón idazlearen “Algún amor que no mate” lana antzeztuko du NUPeko Antzerki Taldeak, Óscar Orzáizen zuzendaritzapean.
Ospakizunaren inguruan egindako beste ekintza batzuk
NUPek, Gizarte Ekintzarako eta Berdintasunerako Unitatearen bidez eta ohiko jarduerez gain, genero-berdintasunarekin lotutako hainbat ekintza koordinatu ditu edo horietan parte hartu du egun hauetan: autodefentsa feministako tailer bat (goizeko edo arratsaldeko ordutegian egiten ari dena, Ikasgelategian), sexu-hezkuntzari buruzko gela osasungarri bat eta “Komunikazioa eta adostasuna sexu-harremanen inguruan” izeneko hitzaldia.
Gainera, Unibertsitateko Berdintasunerako Unitateak genero berdintasunari buruzko prestakuntza emateko eta emakumeen aurkako era guztietako indarkeriei aurrea hartzeko ekintzak antolatzen ditu urte osoan zehar. Jarduera horien berri izan edo haietan parte hartzeko, deitu Berdintasunerako Unitatera 948166299 telefono zenbakira, edo idatzi unidadigualdad@unavarra.es helbide elektronikora.