Joan eduki nagusira

zoom Mikel Izquierdo Redín

Mikel Izquierdo Redín

Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedraduna lau gaitan Espainiako aditu nagusietako bat dela dio “Expertscape” nazioarteko gidak. Zehazki, honako arlo hauetan lortu du aintzatespena katedradunak: ospitaleratutako gaixoen zainketak (Espainiako aditu nagusia eta Europako seigarrena), egokitzapen fisikoa (Espainiako lehen aditua eta Europako bigarrena), indar entrenamendua (Espainiako lehen aditua eta Europako bigarrena) eta ariketa fisikoa (Espainiako laugarren aditua).

“Expertscape” atariak medikuntzako zenbait arlotako adituak identifikatzen ditu. Horretaz gainera, 26.000 bilaketa-gai baino gehiago eskaintzen ditu, eta profesionalak eta instituzioak sailkatzen ditu mundu osoko ospitale eta unibertsitate garrantzitsuenetako artikulu zientifiko, txosten eta kalitate ebaluazioetan erakutsitako esperientziaren arabera. Adituen kokapen geografikoari buruzko informazio zehatza ere ematen du, hau da, adituek zein herrialde, hiri eta instituziotan lan egiten duten. Bestalde, Europa eta mundu mailako profesional aipagarrienak ere sailkatzen ditu sareak.

Adituak hautatzeko prozedura

Adituak aukeratzeko, plataformak berraztertu egiten ditu arbitraje zientifikoko batzordea duten nazioarteko aldizkari nagusietan azken 10 urteetan argitaratutako ikerketa eta dibulgazio zientifikoko artikuluak.

Atariaren deskribapenaren arabera, “Expertscapek zerrendatutako adituek frogatu dute jakinduria handia dutela beren arloan, paperean jarri baitute beren ezagutza eta azterketa prozesu zorrotza gainditu baitute; izan ere, hori da argitalpen zientifikoen bereizgarria”, eta nabarmendu dute, alde horretatik, “ehuneko ehun objektiboa” dela prozesua. Mikel Izquierdo katedradunaren kasuan, honako artikulu hauek aipatzen ditu sareak: ariketa fisikoari buruz argitaratu dituen 120 artikuluak, ospitaleratutako gaixoen zainketei buruzko 102 artikuluak, gorputz egokitzapenari buruzko 94 artikuluak eta indar entrenamenduko 71 artikuluak.