Joan eduki nagusira

zoom Saridunak eta agintariak. Ezkerretik eskuinera: Fernando Baztán (CEIN), Gonzalo Soto (Rural Kutxa), Miriam Rubio, Paloma Rández, Adrián Jiménez, Amaia Garacochea, Cristina Bayona (Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea) eta Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari eta kudeatzailea)

Saridunak eta agintariak. Ezkerretik eskuinera: Fernando Baztán (CEIN), Gonzalo Soto (Rural Kutxa), Miriam Rubio, Paloma Rández, Adrián Jiménez, Amaia Garacochea, Cristina Bayona (Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea) eta Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari eta kudeatzailea)

Miriam Rubio Lecuona Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate masterduna eta Adrián Jiménez Loygorri Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako graduduna izan dira irabazleak Ekintzailetza Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanen Sarien hirugarren edizioan. NUPek egiten du sariketa horren deialdia Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bidez, eta Nafarroako Rural Kutxaren finantzabidea dauka. Lehenbiziko saria irabazteagatik, 1.000 bana euro jasoko dituzte.

Bigarren saria eta, beraz, 500 €, ikasle hauek irabazi dute: Amaia Garacochea Sáenz Industria Ingeniaritzako masterdunak Master Amaierako Lanaren modalitatean eta Paloma Rández González Erizaintzako gradudunak Gradu Amaierako Lanen modalitatean.

Sariak banatzeko ekitaldian izan ziren Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren zuzendari eta kudeatzailea, Gonzalo Soto Nafarroako Rural Kutxaren ordezkaria eta Fernando Baztán CEIN zentroko ordezkaria, zeina epaimahaikide ere izan baitzen.

Miriam Rubioren lana Marisol Gómez Fernández Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle titularrak zuzendu du, eta izenburu hau du: “Evaluación del movimiento de las manos. Desarrollo de un sistema basado en FBG. Estudio de una solución alternativa con sensores” (“Eskuen mugimenduaren ebaluazioa. FBG oinarri duen sistema baten garapena. Sentsore bidezko irtenbide baten azterketa”). Zehazki, eskularru berezi batzuk garatzen ari da Miriam, gauza direnak eskuen mugimendua doitasun handiz neurtzeko; kalte zerebrala duten pazienteek jantziko dituzte errehabilitazioa egiten dutenean. FBG teknologiaren bidez, pazienteen bilakaera kuantifikatzen da, eta horri esker azterketa fidagarriagoak egiten ahalko dira eskuen errehabilitazio-ariketei buruz, eta, hala, teknika hobetu. Hori jakinda, gainera, motibazioa areagotuko die pazienteei.

Adrián Jiménezen Gradu Amaierako Lana Luis Miguel Calvo Herrero Ingeniaritza Saileko irakasleak zuzendu du, eta izenburu hau du: “De la idea a la startup a través del diseño industrial: diseño, prototipado y desarrollo de un andador inteligente” (“Industria-diseinuko ideia batetik abiatu eta startup enpresa bat sortu: taka-taka adimendun baten diseinua, prototipoa eta garapena”). Adrián Jiménezek taka-taka adimendun bat garatu du, gauza dena erabiltzaileen beharretara denbora errealean egokitzeko eta erorikoak saihesteko. Diseinatzaileak azaldu duenez, “proposamen iraultzailea da diseinuaren eta kontrolaren aldetik, interpretatzen baitu erabiltzailea nola dagoen kokatua taka-takan eta taka-taka nola dabilen lurraren gainean. Horri esker, ibiltzeko gailuak konpentsatu egiten ditu erabiltzaileak mugitzeko dituen oztopoak, gailuak gurpiletan intregratuta dituen laguntza-motor batzuen bidez”.

Bigarren saria jaso duten lanak, berriz, hauek dira: batetik, Amaia Garacochearen lana, “Análisis de viabilidad y diseño de un sistema autónomo de monitorización en zonas remotas alimentado mediante generación termoeléctrica” (“Monitorizazio sistema autonomo baten bideragarritasunaren eta diseinuaren analisia, sorgailu termoelektriko baten bidez elikatzen den sistema leku bazterretan erabiltzekoa”), Eugenio Gubia Villabona Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak zuzendua; bestetik, Paloma Rándezen “MovIv” izeneko lana, Nelia Soto Ruiz Osasun Zientzien Saileko irakasleak zuzendua.

Berrikuntza eta sormena

Sari hauen bidez, berrikuntza, sormena eta ekintzailetzako ideien sorrera bultzatu nahi du Unibertsitateak, gazteei autoenplegu aukerak eratzen laguntzeko.

Lanak baloratzeko garaian, epaimahaikideek alderdi hauek hartu dituzte kontuan: proposamenak zenbateraino diren berritzaileak (iraultzaileak eta merkatu jakin batean aplikatzeko modukoak diren eta zer abantaila dituzten antzeko arazoak konpontzen dituzten beste proposamen batzuen aldean), lehiatzeko zer abantaila dituzten, zenbateko ahalmena duten hazteko (eskalabilitatea), zenbateraino dauden merkatuari zein bezeroei begira diseinatuak, diziplina anitzekoak ote diren eta nolako heldutasun maila duten.

NUPek ekintzailetza bultzatzeko hartu duen konpromisoaren beste adibide bat da sariketa hau. IV. Plan Estrategikoan (2016-2019) jasota du konpromiso hori; izan ere, berritzailetza sustatu nahi du Unibertsitateak, hau da, pertsonen izaera ekintzailea bultzatu haien ideia berriak negozio-aukera eta aukera sozial bihurtzeko.