Joan eduki nagusira

zoom Aitor Navarro Ibarrola.

Aitor Navarro Ibarrola.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Aitor Navarro Ibarrola egresatuak (Zuzenbideko Gradua, 2010) 2019ko Frans Vanistendael Award saria jaso berri du, Amsterdamgo (Herbehereak) International Bureau of Fiscal Documentation erakundearen egoitzan (IBFD). Sari hori nazioarteko zuzenbide fiskalaren ikerketan bikaintasuna sustatzeko helburuarekin sortu zen, eta urte bakoitzean arlo horren inguruan egindako lanik onenari ematen zaio.

Hain zuzen, IBFDk argitaratutako Transactional Adjustments in Transfer Pricing liburuagatik eman zaio aitortza. Lan horrek saridunak Madrilgo Carlos III Unibertsitatean egindako tesia du oinarria, gaur egun han baita irakasle elkartua. Izan ere, sariketan nazioarteko edo Europako zuzenbide fiskalari buruzko liburuak edo liburu-kapituluak aurkez daitezke.

Epaimahaia honako hauek osatu zuten: Reuven Avi-Yonah (Michigango Unibertsitateko katedraduna), Ana Paula Dourado (Lisboako Unibertsitateko katedraduna), Marjaana Helminen (Helsinkiko Unibertsitateko katedraduna), Ruth Mason (Virginiako Unibertsitateko katedraduna), Yoshihiro Masui (Tokioko Unibertsitateko katedraduna), Jörg Manfred Mössner (Osnabrückeko Unibertsitateko katedradun ohia), Pasquale Pistone (IBFDko zuzendari akademiko eta Salernoko Unibertsitateko eta Vienako Zientzia Ekonomikoetako Unibertsitateko irakaslea), Jennifer Roeleveld (Lurmutur Hiriko Unibertsitateko katedraduna) eta Miranda Stewart (Melbourneko Unibertsitateko katedraduna).

Saritutako obraren edukia

Transactional Adjustments in Transfer Pricing lanak aztergai du zer kasutan erabil dezakeen zerga-administrazioak transferentzia-prezioen araudia (bi enpresa elkarturen artean hitzartutako prezioa ondasunak, zerbitzuak edo eskubideak transferitzeko, adibidez), ez elkarri lotutako erakundeen arteko eragiketa baten balorazioa doitzeko, baizik eta “eragiketaren baldintzak doitzeko, hala nola arriskuen esleipena, aktibo immaterialen berresleipena edo eragiketaren erabateko ezjakintasuna”, adierazi du Aitor Navarrok.

Erabateko lehiaren printzipioaren logikaren analisiaren bidez eta alderagarritasunaren analisiaren bidez, egileak frogatu du doikuntza horiek, transakzionalak deiturikoak –transakzioaren baldintzen gainekoak baitira–, transferentzia-prezioei buruzko araudiaren funtzionamenduari datxezkiola, baina funtsezkoa dela haien irismena mugatzea arbitrariotasunik ez izateko. Horretarako, “metodologia zehatz bat proposatzen da, horrelako arazoak planteatu diren kasu espezifikoei aplikatua, hala nola enpresa-berregituraketei, kostuak banatzeko akordioei edo balorazio zaileko aktibo immaterialen transmisioari, besteak beste”, dio egileak.

Aitor Navarroren curriculuma

Aitor Navarro Ibarrolak Zuzenbideko Gradua egin zuen NUPen, eta, ondoren, Zuzenbide Publikoko Masterra Madrilgo Carlos III Unibertsitatean, non doktoretza egin baitzuen 2016an, aparteko sariarekin. Aholkulari-lanetan aritu da Economía y Trabajo SL eta Efyce Consultores enpresetan, eta Zientziaren eta Berrikuntzaren Ministerioak ikertzaileak trebatzeko ematen dituen beketako bat lortu zuen doktoretza egiteko.

Halaber, ikerketa-egonaldi laburretarako laguntzak jaso ditu, hain zuzen Herbehereetarako (International Bureau of Fiscal Documentation), Austriarako (Institute for Austrian and International Tax Law) eta Alemaniako (Westfälisches Wilhelms Universität Münster eta Max Planck Institute for Tax Law and Public Finance). Dozena bat argitalpen nazional eta internazionalen egilea da, eta hamabost bat kongresutan hartu du parte antolatzaile gisa.