Jaime Ibarrola Ulzurrun biokimikariak (Iruñea, 1991) lehenengo aldiz frogatu du hormona batek balbula mitralaren prolapsoaren garapenean duen inplikazioa eta haren efektuak blokeatzen dituzten sendagai batzuk erabiltzeak duen efektu onuragarria. Prolapsoa bihotzeko balbulen gaixotasuna da, gutxiegitasun kardiakoa eragiten duena. “Errezeptore mineralokortikoidearen antagonista edo EMA deritzaten sendagaiekin egindako tratamendua etorkizun handiko aukera da gaixotasun horretan balbula mitralaren birmodelatzea gutxiagotzeko. Izan ere, egun ebakuntza kirurgikoa da gaixotasunaren aurkako konponbide bakarra”, esan du ikerketaren egileak. Ikerketari esker da doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).
Balbula mitralak bihotzaren ezkerreko aldeko bi barrunbeak banatzen ditu (aurikula eta bentrikulua). Balbula mitralaren prolapso batean, balbularen kuskuek gainezka egiten dute (prolapsatu egiten dute) ezkerreko aurikularen barruan, bihotza uzkurtzen denean. Batzuetan, balbula mitralaren prolapsoa dela-eta bentrikuluaren atriorantz galtzen da odola. Gutxiegitasun balbular mitrala esaten zaio horri. Balbula mitralaren prolapsoa balbula kardiakoen gaixotasun ohikoenetakoa da 176 milioi pertsonari eragiten baitie munduan, eta, kasu gehienetan, ez du bizitza arriskuan jartzen eta ez du tratamendurik behar, ezta bizimodua aldatzea ere. Nolanahi ere, pertsona batzuek tratamendua behar dute. “Egun, ez dago inongo tratamendu farmakologikorik eta ebakuntza kirurgikoa da erabilgarri dagoen konponbide bakarra”, esan du Jaime Ibarrolak. Natalia López Andrés Navarrabiomedeko Kardiologia Traslazionaleko Unitateko ikertzaile nagusiak zuzendu zuen haren tesia. NUPen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroa da Navarrabiomed.
Itu terapeutiko berriak
“Gaixotasun horretarako tratamendu farmakologiko berriak bilatzera zuzendutako mekanismo berriak eta itu berriak” aztertzeko premiak bultzatu du ikerketa. “Mineralokortikoideak organismoak jariatutako hormona batzuk dira, eta horietan nagusiena eta potenteena aldosterona da. Aldosterona/ Errezeptore Mineralokortikoide edo Aldo/ EM bideak fibrosi kardiakoa bultzatzen du. Horretaz gainera, hainbat ikerketak frogatu dute bide horrek patologia kardiako ugaritan duen inplikazioa. Egun, EMA sendagaiek bide horren ondorioak blokeatzen dituzte, eta azterketa kliniko garrantzitsuek frogatu dute bihotzaren funtzioa ere hobetzen dutela fibrosi kardiakoa gutxiagotuz”, azaldu du Jaime Ibarrolak. NUPeko doktoretza aurreko laguntzei eta europar proiektu baten funtsei esker egin ahal izan zuen bere ikerketa.
Aldo/EM bideak “balbula mitralaren prolapsoaren garapenean aktibazioa eta diferentziazio zelularra modulatuz bere eginkizuna” bete dezakeela da bere lan hipotesia. “Horretaz gainera, Aldo/RM bidean jardutea gaixotasun horretako itu terapeutiko berri bat izan liteke, eta EMA sendagaiak erabiliz bidea blokeatzeak gaixotasunarekin lotutako balbula mitralaren nahasmenduak prebenitu litzake. Emaitzek lehenengo aldiz frogatu zuten Aldo/EM bidearen inplikazioa aipatu gaixotasunaren garapenean eta sendagai horiek erabiltzeak zuen efektu onuragarria”, laburbildu du ikertzaileak. Bere tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Curriculum laburra
NUPen doktoratu baino lehen, Jaime Ibarrolak Biokimikako Gradua eta Ikerketa Biomedikoko Masterra egin zituen hurrenez hurren Nafarroako Unibertsitatean. Egun, doktoretza ondoko ikertzaile aritzen da Bostongo Tufts Unibertsitateko Kardiologia Molekularreko Ikerketa Institutuan (Estatu Batuak).
Doktoretza tesia egin bitartean, Jaime Ibarrolak bi egonaldi egin zituen, ikertzaile gisa, Parisko Sorbona Unibertsitateko Cordeliers Ikerketa Zentroan (Frantzia). Horretaz gainera, bere tesiaren emaitzak ezagutarazi dituzte Alemanian, Espainian, Frantzian eta Irlandan egindako nazioarteko zortzi biltzarretan. Beste batzuekin batera, nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratutako hamar bat ikerketa-artikuluren egilea da.