Ezkerretik eskuinera, Cristina Bayona, Carlos Ruiz Zamarreño, Francisco Javier Arregui, Ricardo Goñi, Ramón Gonzalo, José Javier Imas, Ignacio Vitoria eta Gonzalo Soto.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) % 5eko partaidetza eskuratu du Pyroistech SL “spin-off” edo oinarri teknologikoko enpresaren kapital sozialean, zenbait akzio erosita. Nafarroako Rural Kutxak finantzatutako eragiketa honi esker, NUP akziodun duen seigarren “spin-off” enpresa bilakatu da Pyroistech, hauen ondotik: Nadetech Innovations, Naudit High Performance Computing and Networking, Movalsys, Eversens eta Bioinsectics.
Pyroistech SL oinarri teknologikoko enpresak laborategietarako ekipamendua garatzen du, hain zuzen LED eta SLED teknologietan oinarritutako zuntz optikora akoplatzen den argia sortzeko iturriak. Ekipamendu horiek, besteak beste, diziplina desberdinetako (kimika, biologia, fisika...), zentro teknologikoetako eta enpresen kalitate eta I+G departamentuetako ikerketa-taldeek erabiltzen dituzte. Pyroistechek, bestalde, analisi optikoko teknologian oinarritutako soluzio integralak garatzen ditu zenbait sektore industrialetarako, nekazaritzako elikagaien arlorako adibidez. Enpresari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bere webgunean eta LinkedIn-eko profilean dago kontsultatzeko.
Pyroistech Unibertsitatearen oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortzeko hitzarmenaren sinadura-ekitaldian, NUPeko, enpresako eta Rural Kutxako ordezkariak elkartu dira. Unibertsitatearen izenean, hain zuzen, han izan dira Ramón Gonzalo García errektorea eta Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea. Pyroistechen aldetik, talde sustatzailea bertaratu da, Ignacio Vitoria Pascual eta José Javier Imas González industria-ingeniariek eta Carlos Ruiz Zamarreño eta Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko irakasleek osatua. Azkenik, Nafarroako Rural Kutxaren ordezkari moduan, Ricardo Goñi Leránoz Instituzioekiko Harremanetako arduraduna eta Gonzalo Soto Escudero ekintzaileentzako Línea Inicia programaren arduraduna izan dira bileran.
Marka eta kontratuak
Enpresaren eta Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmenean jasotzen denez, Pyroistechek zilegi du bere jardunean “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spinn off” marka erabiltzea. Enpresak, bestalde, Unibertsitateko ikerketa-taldeak kontratatzeko konpromisoa hartzen du ikerketako eta jakintza transferitzeko zereginak gauzatze aldera, bai eta langileak kontratatzeko orduan NUPeko tituludun egresatuei lehentasuna emateko ere.
Halaber, elkarren arteko harremanak sustatzeko asmoa dute, NUPeko ikasleek aukera izan dezaten bai curriculumeko eta curriculumetik kanpoko praktikak enpresa horretan egiteko, bai gradu eta master amaierako lanak eta doktoretza-tesiak Pyroistechen jardunaren esparruan gauzatzeko. Bestetik, Unibertsitateak konpromisoa hartu du campuseko eremuak hitzarmenaren ondorio diren jardueretarako uzteko eta horiek aurrera eramateko abantailak emateko.
Pyroistechen sorrera eta ibilbidea
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Sentsoreen ikerketa-taldearen barnean sortu zen Pyroistech, berentzako ekipamenduak garatzeko, dela merkatuan ez zeudelako, dela taldearen beharrak betetzen ez zituztelako, dela prezio handia zutelako. Garapen horietan oinarrituta, beste ikerketa-talde batzuetan sortutako ekipoak saltzeari ekin zion.
Bere ibilbidean zehar, Nafarroako Gobernuak CEINen bitartez ematen duen Iníciate accesita irabazi du enpresak 2019an, eta Impulso Emprendedor sariketaren VII. ediziorako aukeratutako 8 proiektuetako bat izan da. Nafarroako Gobernuak sustatzen du lehiaketa hori, Foru Komunitatean enpresa berritzaileen sorkuntza bultzatzeko xedez. Deialdi horretan, enpresak 8.000 euroko finantzaketa jaso zuen, baita mentoretzako eta azelerazioko zerbitzu bat ere, eta aukera eman zioten aukeratutako enpresen eskura jartzen duten berrikuntza-mintegia erabiltzeko.