Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, lanaren ikertzaileak eta egileak: Alberto Berrueta Irigoyen, Miguel Araiz Vega, Patricia Aranguren Garacochea, Javier Samanes Pascual, Leyre Catalán Ros, Julio Pascual Miquleiz eta David Arricibita De Andrés

Ezkerretik eskuinera, lanaren ikertzaileak eta egileak: Alberto Berrueta Irigoyen, Miguel Araiz Vega, Patricia Aranguren Garacochea, Javier Samanes Pascual, Leyre Catalán Ros, Julio Pascual Miquleiz eta David Arricibita De Andrés

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zazpi ikertzaile dira “Energía sostenible. Sin malos humos” lanaren egileak. Liburuan egungo egoera eta energia berriztagarriek Espainian dituzten aukerak aztertzen dituzte, eta egungo eredu energetikoaren alternatibak proposatzen dituzte epe ertainean % 100 berriztagarria den eredua lortzeko. Argitalpena paperezko formatuan dago (25€), eta David MacKayren “Sustainable Energy – Without the Hot Air” liburu arrakastatsuan oinarrituta dago, eguneratua eta Espainiako egoerara egokitua.

Honako hauek dira lanaren egileak: Javier Samanes Pascual, Julio Pascual Miqueleiz, Alberto Berrueta Irigoyen, Miguel Araiz Vega, Leyre Catalán Ros, Patricia Aranguren Garacochea eta David Arricibita de Andrés, denak industria ingeniaritzan edo ingeniaritza elektrikoan tituludunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Pablo Sanchis Gúrpide NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendariak hitzaurrean esaten duenez, “liburuak erraz baina, aldi berean, sakon azaltzen ditu zenbait alderdi. Esaterako: egungo gizarteetako kontsumo-elementu nagusiak, baliabide energetikoak eta mundu mailan sistema energetiko berriak ezartzearen bideragarritasuna (…) Egileek esan bezala, zenbakiak ematen ahalegintzen da, eta ez adjektiboak jartzen, irakurleak modu batean edo bestean guztiok protagonista izango gaituen iraultza energetiko honi buruz bere iritzia izateko”.

Hauek dira lan honetan  erantzuten diren galderetako batzuk: petrolioarekiko, ikatzarekiko eta gasarekiko mendekotasuna gainditu nahi badugu, zer aukera ditugu? Zenbat energia berriztagarri sor daiteke Espainian kontsumoarekin alderatuta? Bizi al daitezke herrialde garatuak beren energia berriztagarrietatik? Konpon al ditzakete teknologia berriek karbono dioxidoarekin ditugun problemak? Nolakoa izango litzateke energiaz modu iraunkorrean hornitzeko mundu mailako plana?

Eduki dibulgatiboa

“Energía sostenible. Sin malos humos” liburu dibulgatiboa da, denen eskura dago, baina eranskin teknikoak ere baditu gaian sakondu nahi dutenentzat. Hala, liburuak lau atal ditu. Lehenengo atalean galdera honi erantzuten zaio: bizi al gaitezke gure energia-iturri jasangarrietatik? Teknologiaz teknologia aztertzen dira energia sortzeko aukera jasangarriak eta modu erraz batean kalkulatzen da haietako bakoitzak zenbat energia eman dezakeen (autoak, haizea, hegazkinak, eguzkia, berokuntza, hozketa, argia, itsas haizea, olatuak, elikagaiak eta nekazaritza, etab.) Era berean, energia zertan kontsumitzen den kalkulatzen da, energia gehien aurreztea ahalbidetuko duten kontsumo motak zein diren ulertzeko.

Bigarren atalean, gure energia berriztagarrietatik nola bizi gaitezken aztertzen da. Alde horretatik, sorkuntzako zenbait plan energetiko proposatzen dira, energia aurrezteko dauden moduei buruz eztabaidatzen da, zenbait hobekuntza egiten dira, eta Espainiako beste eskualde batzuetako eta mundu osoko egoera aztertzen da.

Hirugarren atalak kontsumoa eta energia sortzeko modu bakoitzaren kalkulu zehatzagoak ematen ditu, eta horri esker argi eta garbi ulertzen dira teknologia bakoitzaren mugak.

Azkenik, adjektiboen ordez zenbakiak erabiltzeak duen garrantzia dela-eta, laugarren atala arin kontsultatzeko taula eta grafikoen laburpena da (populazioak, kontsumoak, BPGa, unitateak, konbertsio faktoreak eta abar, bai eta erreferentzia zerrenda zabala ere irakurleak mugarik gabe sakon dezan tratatutako edozein gaitan).