Alba Del Villar Olano ekonomialariak (Iruñea, 1988) antzeman duenez, globalizazio ekonomiko eta finantzarioak “eskualde irabazle eta galtzaileak sortu ditu; azken horiek, errenta apalenak dituztenak”. “Adibidez, Malawik (Afrika) 2010ean Turkiaren antzeko globalizazio-maila izan balu, hau da, % 25 handiagoa, gutxi gorabehera % 17,6 handituko zen bere desberdintasun-maila espaziala. Eskualde batean batez besteko errenta beste batean baino handiagoa denean gertatzen da hori. Oro har, kapitala eta nazioarteko merkataritza eskualde bakar batean biltzen dira, aberatsenetan gehienbat, eta horrek eskualdeen arteko desberdintasunak eragiten ditu herrialde baten barnean”, dio ikertzaileak. Emaitza horiek bere doktoretza-tesiaren bidez lortu ditu, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu baitu, integrazio ekonomiko globalaren onurak eta kostuak aztertzeko.
Alba Del Villarren doktoretza-tesiari bikain “cum laude” kalifikazioa eman dio ospe handiko epaimahai batek. Presidentea, Cédric Tille, Princetoneko Unibertsitateko doktorea da (Ameriketako Estatu Batuak), baita bi argitalpen zientifikoren editorea ere: “Journal of International Economics” eta “Journal of Money Credit and Banking”. Gaur egun, Genevako (Suitza) Graduate Instituteko irakaslea da. Beste kideak honako hauek izan dira: Ozge Senay, St. Andrewseko Unibertsitateko irakaslea (Erresuma Batua), ikerketa-artikulu ugari idatzi dituena nazioarteko ekonomiako aldizkari garrantzitsuenetan, eta Aitor Erce Dominguez, Luxenburgoko Europako Egonkortasun Mekanismoko ekonomialari nagusia, Espainiako Bankuko Nazioarteko Ekonomiako Departamentuan lan egin duena.
Doktoretza-tesiak modu kuantitatiboan neurtzen du zer ondorio dituzten finantzen globalizazioak eta integrazio ekonomikoak herrialde aurreratuetan eta garapen bidean dauden herrialdeetan, “modelaketa teoriko makroekonomikoko eta datu-panelen ekonometriako azken teknikak erabiliz”. Horretarako, ekonomia asimetrikoen arteko nazioarteko kapitalaren fluxu gordinetan jarri du fokua ikertzaileak, herrialdeen arteko aberastasun-transferentziaren iturri gisa, kapital-fluxuen bolumen handiko agertoki batean.
Nola egin aurre globalizazioari
“Tesi hau argitaratzeko unea lotua dago nazioarteko egoera politiko eta ekonomikoarekin, zeina integrazio ekonomikoaren eboluzioaren inguruko ziurgabetasunak markatua baitago —adierazi du egileak—. Egun, 4.0 globalizazioari nola aurre egin eztabaidatzen ari dira, esaterako Munduko Ekonomia Foroan (Davos) eta bestelako topaketetan. Hala ere, nazioarteko panorama makroekonomiko konplexua hobeki ulertu behar dugu globalizazioaren etorkizuneko bilakaera marraztu ahal izateko, bai merkataritza-mailan, bai finantza-merkatuen eta zerbitzuen ikuspuntutik. Gaur egun, erronka global asko daude, hala nola klima aldaketa eta desberdintasunak areagotzea, eta horiek ezin dituzte herrialdeek modu isolatuan konpondu. Horregatik, doktoretza-tesi hau urrats txiki bat da metodo kuantitatiboak erabiliz integrazio ekonomiko globalaren onurak eta kostuak hobeki ulertzeko”.
Mikel Casares Polo eta Roberto Ezcurra Orayen NUPeko Ekonomia Saileko eta INARBE Institutuko (Institute for Advanced Research in Business and Economics) ikertzaileek gidatu dute tesia, zeinak bi herrialderen arteko harreman ekonomikoak simulatzeko balio duten hainbat eredu matematiko garatu baititu. Lanaren ekarpen nagusiak bi dira: batetik, bi herrialderen arteko nazioarteko finantza-merkatuak modelatzea, eta, bestetik, herrialde aurreratuen eta garapen bidean daudenen arteko egiturazko diferentzia makroekonomikoen ondorioak simulatzea, hala nola prezioen zurruntasun nominala, BPGaren hegakortasuna (barne produktu gordina) eta merkatuaren irekiera. “Makroekonomia teorikoan, ezin dugu esperimentatu Euroguneko interes-tasa jaisten nazioarteko finantza-merkatuari edo errentaren banaketari nola eragiten dion ikusteko bakarrik. Ez dugu laborategirik, eta, horregatik, herrialdeen simulagailuak eraikitzen ditugu ordenagailuarekin, osagai matematiko eta konputazional indartsu batekin, gaur egun dagoen nazioarteko eta finantza-arloko makroekonomiaren sistema hain konplexua ulertu ahal izateko”, dio egileak.
Curriculum laburra
Ekonomian doktoratu aurretik, Alba Del Villarrek Enpresa Zientzietako diplomatura eta Ekonomiako lizentziatura egin zituen NUPen, hurrenez hurren. Karrera horren laugarren ikasturtea Estatu Batuetako unibertsitate batean egin zuen (East Tennessee State University), ISEP truke-beka bati esker. Ondoren, ikasteko beste laguntza bat lortu zuen, Máster Navarra beka, eta, horri esker, Ekonomiako eta Nazioarteko Ekonomiako Masterra egin zuen Nottinghameko Unibertsitatean (Erresuma Batua).
Doktoretza-tesia egiten ari zela, Alba Del Villarrek ikerketa-egonaldi bat egin zuen Columbia Unibertsitatean, New Yorken, Stephanie Schmitt-Grohe nazioarteko ekonomiako adituak gainbegiratuta. Ipar Amerikako erakunde horretan, doktoretzako ikastaroak egin zituen Richard Claridarekin (AEBko Erreserba Federaleko presidenteordea), eta, besteak beste, Joseph Stiglitz 2001eko Ekonomiako Nobel sariduna ezagutu zuen. NUP bisitatzera gonbidatu zuen, eta hark, iazko maiatzean, kapitalismoari, desberdintasunari eta globalizazioari buruzko hitzaldi bat eman zuen.
Bere lanaren ondorioz, Alba Del Villarrek hiru lan idatzi ditu, geroago nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratuko direnak, eta baita “Economics Bulletin” aldizkarian argitaratutako ikerketa-artikulu bat ere. Gainera, “European Economic Rewiew” eta “Applied Economics” aldizkarietan parte hartu du ebaluatzaile gisa.
Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan lan egin zuen Alba Del Villarrek, eta orain “start-up” edo enpresa sortu berri batean ari da lanean, Thingeer Beyond Smart Marketplaces izenekoan, zeinean zuzendari exekutiboa baita. Zientzia aplikatuko proiektu bat da, “online” salerosketaren eraginkortasunik ezak konpontzeko helburua duena. Adimen artifizialeko teknikak jokoen teoriarekin eta “big data” edo datu masiboen analisiarekin uztartzen ditu, bere web plataformaren bidez (www.thingeer.com) bai trukea eta bai bigarren eskuko produktuen salerosketa optimizatzeko. 2018an, ekimen horrek Santander Universidadesen Explorer programaren Nafarroako IX. edizioa irabazi zuen. Sari horri esker, Silicon Valleyra joan zen (Kalifornia, AEB), munduko teknologiako eta berrikuntzako ekosistema nagusia ezagutzera. Gaur egun, bost lagunek osatzen dute taldea, eta CEINen dituzte bulegoak (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentroa).