Joan eduki nagusira

zoom Antonio López (ezkerrean) saria hartzen Steve Welby IEEEko zuzendari exekutiboaren eskutik.

Antonio López (ezkerrean) saria hartzen Steve Welby IEEEko zuzendari exekutiboaren eskutik.

IEEE Ingeniari Elektrikoen eta Elektronikoen Institutuak Antonio López Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle (NUP) eta Smart Cities Institutuko ikertzaileari (SCI) saria eman dio IEEEko Zirkuituen eta Sistemen Espainiako Elkartearen presidente gisa egindako ibilbideagatik; izan ere, IEEEk Espainian dituen 26 elkarteetatik elkarte horrek egin du lanik aipagarriena 2019an. IEEEren 8. eskualdearen nazioarteko 113. bileraren ekitaldi nagusian eman zioten saria, hots, urriaren 11n, Valentzian (Europa, Asia, Afrika eta Ekialde Ertaina daude 8. eskualdean).

Antonio Lópezek 2018ko azaroan jaso zuen Madrilen sariaren aurreko edizioa, eta 2019ko maiatzean, berriz, nazioarteko saria Sapporon (Japonia) 8. eskualdeko herrialdeetatik lan nabarmenena egin zuena izateagatik.

IEEE institutua 1884. urtean fundatu zen, eta munduko erakunde tekniko-profesionalik handiena bilakatu da, 160 herrialde baino gehiagotako 420.000 kidetik gora biltzen baititu. Erakunde hori erreferente da ingeniaritzaren eremu askotan (elektrikoa, elektronikoa, aeroespaziala, biomedikoa, telekomunikazioetakoa, etab.). Halaber, hura da estandar gehien garatzen dituen erakundea (1.300 aktibo baino gehiago, horien artean WiFia), baita ingeniaritzako informazio teknikoaren iturri nagusia ere; izan ere, eremu horretan egiten diren lanen % 30 argitaratzen du IEEEk mundu mailan. Zirkuitu eta Sistema Elektronikoen Elkartea IEEEko gailenetako bat da, bai kide kopuruarengatik eta bai jardueraren bolumenarengatik.

Antonio López elkartearen Espainiako presidentea da 2017az geroztik. Bere agintaldian, lehentasuna eman zaio ingeniaritzan ordezkari gutxien dituzten arloak sustatzeari, hala nola emakumeak eta gazteak. Elkartearen oraingo presidentziaren egoitza Iruñean dagoenez, zenbait ekitaldi antolatu eta lagundu ditu, besteak beste, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Astea, Telekomunikazioko Ikasleen Espainiako XXX. Biltzarra eta ikasleentzako zenbait workshop.

Saridunaren curriculuma

Antonio López Martín (Iruñea, 1972) Telekomunikazio ingeniaria da (1995). Doktoretza NUPen egin zuen (1999), eta Doktoretzako Aparteko Saria eman zioten. Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen katedraduna da NUPen 2011z geroztik, eta ohorezko irakasle atxikia New Mexico State Universityn (NMSU, AEB) 2001az geroztik. NUPeko ISC institutuaren zuzendariordea izan da (2015-2017), bai eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoa ere. Gaur egun, NUPeko Ikerketaren Arloko zuzendaria da, eta Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa-taldearen arduraduna.

Ikertzaile aritu da Espainiako Astronomia Zentroan (1995), Zuricheko Eskola Politeknikoan (1997, Suitza) eta New Mexico State Universityko VLSI Lab and NASA Center for Autonomous Control Engineering zentroan (hamar egonaldi 1996tik 2012ra). Gainera, hainbat sari irabazi ditu, hauek besteak beste: Berrikuntza Teknologikoaren Talgo Saria (2012), Urteko Ingeniari Nafar Onenaren Saria (2008), Nafarroako Kutxaren Ikerketa Saria (2007) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia eta Teknologiaren arloko Gaztearen Saria (2007). Editore laguntzailea da nazioarteko 10 aldizkaritan, eta batzorde teknikoko kide nazioarteko 47 biltzarretan. 400 bat artikulu idatzi ditu talde-lanean zenbait liburutan, aldizkaritan eta nazioarteko biltzarretan, eta 9 patenteren egileetako bat da. Erakunde publikoetarako eta enpresetarako 65 ikerketa-proiektutan hartu du parte (NASA, NSF, H2020, Seiko Epson eta abar), eta liderra izan da horietako 22tan.