Joan eduki nagusira

Nafarroako 20 ikastetxek hartuko dute parte urriaren 25ean eta 26an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako Batxilergoko X. Eztabaida Lehiaketan. Hau da lehiaketaren hamargarren edizio honetarako aukeratu den gaia: Alde batera utzi beharko litzateke azterketen bidezko ebaluazioa? Aldez aurreko fasea Arrosadiko campusean eginen da, eta finalaurrekoa eta finala, berriz, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan, urriaren 26an.

Lehiaketa Batxilergoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxe guztiei zuzentzen zaie. Hiruzpalau ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak, eta hezkuntza ziklo horretako 2. mailako ikasleak izan behar dute denek. Orain hamar urte eztabaida lehiaketa hasi zenetik –horregatik egin dugu urteurrenerako bideoa–, Nafarroako hogeita hamar bat ikastetxetako 675 ikaslek hartu dute parte.

Parte hartuko duten ikastetxeak eta institutuak

zoom Parte-hartzaileak, Batxilergoko X. Eztabaida Lehiaketan.

Parte-hartzaileak, Batxilergoko X. Eztabaida Lehiaketan.

Hauek dira lehiaketan parte hartuko duten ikastetxeak eta institutuak: Plaza de la Cruz BHI, Navarro Villoslada BHI, Nuestra Señora del Huerto, San Cernin, Luis Amigó, Liceo Monjardín, Sagrado Corazón, Hijas de Jesús, Santa Teresa de Jesús, Miravalles-El Redín, Irabia-Izaga, Calasanz-Escolapios, Basoko BHI, Paz de Ziganda Ikastola, Santo Tomás-Dominicas, Santa María La Real (Maristak, Iruñea), San Ignacio, Ribera del Arga BHI (Azkoien), Nuestra Señora del Puy BHI (Lizarra) eta Marqués de Villena BHI (Martzilla).

Lehiaketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua Unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida jardueretako bat da. Hain zuzen, prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldi bat da, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendua. Aukera ona da ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte.

Aldez aurreko prestakuntza eta lehiaketa

Izena emandako ikasleek joan den asteburuan prestakuntza saio batzuetan hartu zuten parte. Saio horien xedea lehiaketaren inguruan izan zitezkeen zalantzak argitzea eta orientabidea ematea izan zen. Taldeak ostiral honetatik aurrera lehiatuko dira, eta aldez aurretik zozketaren bidez esleitutako aurkako jarrerak defendatuko dituzte, hitz egiteko txanda itxien bidez (sarrera, bi eztabaida txanda eta ondorioak). Talde bakoitzak hamahiru minutu izanen ditu gehienez ere (26 minutu guztira).