

Ikerketa taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera: atzeko ilaran, Antonio García Hermoso, Berta Echávarri Videgain eta Berta Villoslada Huarte; aurrean, Alicia Alonso Martínez, Alazne Antón Olóriz eta Mikel Izquierdo Redín
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileen talde batek Foru Komunitateko 3 eta 6 urte bitarteko Haurren Jarduera Fisikoaren lehen Behatokiaren sorreran hartu du parte, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 10.000 eurorekin finantzatutako ikerketa proiektu baten bitartez. Zehazki, honako hauek osatu dute taldea: Alicia Alonso Martínez, Mikel Izquierdo Redín eta Alazne Antón Olóriz (NUP), Antonio García-Hermoso eta Robinson Ramírez-Vélez (Navarrabiomed), eta, orobat, Berta Villoslada Huarte eta Berta Echavarri Videgain (“Lumbier LH” IIP - Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentua).
Behatokiaren helburua eskolako ikasleek jarduera fisiko gehiago egin dezaten laguntzea da, denbora gutxiago egon daitezen pantailadun gailuak erabiltzen eta beren adinerako behar adina atseden har dezaten; izan ere, frogatuta dago haurtzaroan ohitura osasungarriak izatea funtsezkoa dela etorkizunean gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko. Horretarako, Nafarroako ikastetxeetako ikasleei (eta haien familiei) zuzendutako zenbait ebaluazio eginen dira, ikasleen egoera fisikoa eta atseden denborak zein diren jakiteko, eta, ondoren, haiekin aztertuko dira eskoletan. Ebaluazioek honako hauek hartzen dituzte barnean: proba fisikoak (oinak elkarrekin jauzi egitearen testa, abiadura-arintasunaren testa), gorputz-osaeraren analisia (gerria, gantz portzentajea eta gorputz-masaren indizea neurtuko dira) eta gailu elektroniko pertsonalen erabilera eguneroko jardueren intentsitatea eta atseden- eta loaldi-denborak neurtzeko. Gainera, egoera fisikoaren eta errendimendu akademikoaren arteko erlazioa aztertuko da.
Ikerketa urrian hasiko da, Iruñeko Santa María la Real-Maristas ikastetxean, eta, ondoren, San Juan de la Cadena ikastetxe publikoan eginen da. Proiektua amaitzeko, irakaskuntzako prestakuntza espezifiko bat eginen da “Lumbier LH” IIPn. Bertako goi mailako heziketa zikloetako 80 ikasleak ebaluatzaile gisa prestatuko dira, eta hori guztia “Egoera fisikoaren balorazioa eta istripuetan esku hartzea” moduluan txertatuko da.
Bestalde, ikastetxeetako irakasleak neurketa prozesuetan inplikatuko dira, ikastetxeetan ikasleen osasuna ebaluatzeko joera, metodologia eta formula berriak sartzeko helburuarekin. “Emaitzak lagungarri izan daitezke jarduera fisiko gutxi egiten duten ikasleen gizentzea eta eskolako emaitza okerragoak ulertzeko”, ziurtatu dute ikerketaren egileek.
Haurtzaroa, ohitura osasungarriak hartzeko aldi kritikoa
Ikertzaileek azaldu duten bezala, “haurtzaroaren lehenbiziko etapa aldi kritikoa da garapen fisiko, sozial eta kognitiborako eta portaera-eredu osasungarriak ezartzeko, haurtzaroan eta helduaroan iraun baitezakete”. Ikerketen arabera, “eskolaurreko adinean dauden haurren hazkunde eta garapen normalerako funtsezkoa da modu erregularrean jarduera fisikoetan parte hartzea, eta berehalako eta epe luzeko onurak ekarriko dizkie ongizate fisikorako eta psikologikorako”, zehaztu dute. “Hori hala izanik ere, adin talde horretan ebidentzia oraindik txiki samarra da haur eta nerabeen kasuan dagoenarekin alderatuta (6-17 urte)”, azaldu dute.
Ildo horretan, nabarmendu beharra dago Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 5 urtetik beherako haurren jarduera fisikoari, jokabide sedentarioari (pantaila denbora) eta loaldiari buruzko gomendioak argitaratu dituela berriki. Zehazki, 3 eta 5 urte bitarteko haurren kasuan, gutxienez 180 minutuko jarduera fisikoa egitea gomendatzen du, eta horietako 60 minutuk intentsitate ertainekoak edo bizikoak izan behar dute. “Halere, lehen aipatutako jarduera fisikoaren praktika erregularraren onura osasungarriak gorabehera, eskolaurreko haur askok ez dituzte horri buruzko gomendioak betetzen", esan dute ikerketaren azterlanaren egileek, eta, hain zuzen ere, arlo horietan emaitza hobeak lortzea da behatokiaren xedeetako bat.