

NUPeko IS-FOOD Institutuko ikertzaileak: Maite Martínez Aldaya (ezk.) eta María José Beriáin Apesteguía.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek, Maite Martínez Aldaya buru dutela, Nafarroako Foru Komunitatean lehenengo aldiz aztertu dute azaleko eta lurpeko uren nitrogenoaren bidezko kutsadura lausoa, ur-aztarna grisa kontzeptuaren bidez. Adierazle horrek kontaminatzaileen karga asimilatzeko eskatutako ur kopurua neurtzen du. Nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerek eragindako kontaminatzaileak dira. Ur-aztarna grisak eta uraren kutsadura mailak handiagoak dira Nafarroako hegoaldean, eta, bereziki, Erriberako nekazaritzako eremu intentsiboetan. Horrek esan nahi du ur kopuru handiagoa behar dela sortutako kontaminatzaileen karga asimilatzeko eta ur kopuru gutxiago dagoela kontaminatzaileen karga asimilatzeko. “La Caixa” Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak finantzatu dituzte parte batean lan horren emaitzak eta aldizkari zientifiko honek argitaratu ditu: “Science of the Total Environment”.
Maite Martínez Aldayaz gainera, artikulua sinatzen dute, NUPen aldetik, María José Beriáin Apesteguíak, Nekazaritzako Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Institutuko ikertzaileak (IS-FOOD), eta Daniel Merchán Elena ikertzaileak, bai eta Espainiako erakundeetara (Oviedoko Unibertsitatea, Zientzien Erret Akademia eta Botin Fundazioaren Uraren Behatokia) eta Argentinako erakundeetara (Buenos Airesko Probintziaren Erdialdeko Unibertsitate Nazionala eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionala) atxikitako zientzialariek ere.


Nafarroako lurpeko uren nitrogeno bidezko kutsadura maila. “Science of the Total Environment” aldizkaritik hartutako mapa.
“Nitrogenoa landareak hazteko funtsezko elementua da. Nitrogenoaren bidezko kutsadura lausoa urak XXI. mendean duen desafio garrantzitsua da, eta litekeena da garrantzi handiagoa izatea munduko populazioa hazi ahala eta batez besteko dietan gero eta haragi gehiago erabili ahala —azaldu du Maite Martínez Aldayak, zeina NUPeko IS-FOOD Institutuan ari baita ikertzen “la Caixa” Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak talentua erakartzeko emandako beka bati esker—. Ongarri mineralen eta simaurraren erabilerako eraginkortasunik eza dela-eta nekazaritza da substantzia horren bidezko kutsadura iturri handiena. Nekazaritzako lurrei aplikatutako nitrogenoaren erdia baino gehiago ez da erabiltzen landare eta animalien hazkundean, baizik eta airera eta urera desbideratzen da, eta horrek nahi ez diren ingurumen eraginak sortzen ditu lurzoruetan eta lurpeko uren eta ur gezako ekosistemen kutsadura eragiteagatik. Ur masetan egiten diren nitrogeno deskargak 2000. urtetik 2050. urtera bitartean % 35etik % 46ra bitartean areagotuko direla espero da.
Kutsadura-iturri diferenteak
Espainiako Academia Joveneko kide oso den ikertzailearen arabera, “kutsaduraren iturri puntualak kontrolpean daude neurri handi batean, identifikatzeko errazagoak eta zenbatzeko, kudeatzeko eta arautzeko errentagarriagoak direlako”. “Konparazioan, iturri lausoetatik datorren kutsadura ez da oso ikertua oraindik. Esaterako: nekazaritzako edo hiriko isurketa eta haren eragina ekosistemetan —esan du Maite Martínez Aldayak—. Horren zergatikoa da zaintzeko eta arautzeko zailak direla aldakortasun handia dutelako espazioan eta denboran, kontaminatzaile heterogeneoen kantitate handiak tratatzeagatik kostu handiak dituztelako eta kutsaduraren kontrola eska dezakeelako arro hidrografiko bereko zenbait agintariren edo gobernu eta are herrialde diferenteen arteko lankidetza eta akordioa.
Hori dela-eta, artikulu hau izenpetu duten ikertzaileen taldeak ur-aztarna grisaren adierazlea erabili du nitrogeno gehigarriak ur gezako baliabideen gainean egiten duten presioa zenbatzeko neurri gisa. Uraren kutsadura mailarekin lotu dute, eta nitrogeno bidezko kutsadura disolbatzeko eta asimilatzeko nahikoa ur fluxu dagoen zehazteko erabiltzen da.
Nafarroako ur-aztarna grisaren jatorria
“Nafarroan, nitrogeno kargekin lotutako ur-aztarna grisaren % 64k ongarri artifizialetan du jatorria; % 16k, simaurrean; % 11k, jalkin atmosferikoan; eta gainerako % 9ak, finkapen biologikoan, hazietan eta beste ongarri organiko batzuetan. Laboreen artean, zerealen ekoizpenak egin zion ekarpen handiena aztarnari, % 54rekin. Haren atzetik, barazkiek, % 17rekin, eta bazkak, % 11rekin”, azaldu du Maite Martínez Aldayak.
Ikertzaile honen arabera, ur-aztarna grisaren eta ur kutsaduraren maila kontzeptuak “lagungarri lirateke gizakiaren presioaren eta nitrogenoak uretan dituen eraginen arteko lotura hobeki ulertzeko”. “Benetako daturik ez badago, biak adierazle teoriko erabilgarriak izango dira nitrogeno bidezko kutsaduraren puntu kritikoak grosso modo aurreikusteko eta haiei aurrea hartzeko, iturri lausoengatik uraren kalitateak okerrera egiten duenean. Abeltzaintzaren sektoreari aplikatuta, ikuspegi horiek baliagarriak izan daitezke abeltzaintzako etxaldeen banaketa orekatuagoa lortzeko mekanismoak sortze aldera”, esan du Maite Martínez Aldayak amaitzeko.