Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez antolatu du Enplegurako eta Ekintzailetzarako XII. Topaketa ikasle eta egresatuen enplegarritasuna eta ekintzailetza hobetzeko, eta urriaren 23an egingo da sektore publikoko eta pribatuko berrogeita hamar enpresa eta entitate baino gehiagoren parte-hartzearekin. Arrosadiko campuseko Sario eraikinean egingo da (Iruñean) 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:00etara.
Ekitaldiak bere webgunea dauka, eta han kontsulta daiteke informazio guztia. Nafarroako Gobernuak babesten du ekitaldia Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez eta honako enpresa hauek laguntzen dute: AN Taldea, Deloitte, Acciona, Leroy Merlin, Florette, Electrónica Falcón, Corporación Mondragón, Caja Rural de Navarra, Exkal, Azkoyen, Smurfit Kappa, Maier, Ultracongelados Virto eta Veridas.
Unibertsitatearen Enplegua eta Ekintzailetza Hobetzeko Plan Integralaren barruan kokatzen da azoka. Planari esker aurtengo ikasturtean bi mila ikasle inguruk jaso dute prestakuntza. Ikasle eta egresatuek ez ezik interesa duen edonork du aukera azokan parte hartzeko.
Elkarrizketa laburrak eta nazioarteko aukerak
Ramón Gonzalo García errektorea izango da azokaren hasiera ekitaldiko buru, eta azokaren karietara hitzaldi bat egingo da Fernando Remacha aretoan, atzerrian lan aukerak nola bilatu azaltzeko (karrera diplomatikoa, enplegua Alemanian eta nola aurkitu lana Europan). Horretaz gainera, lan elkarrizketa laburrak egingo dira (hamar minutukoak) eta enpleguko eta ekintzailetzako nazioarteko aukerei buruzko gune irekiak eskainiko dira, bai eta gobernuz kanpoko erakundeetako eta irabazi asmorik gabeko entitateetako lana azaldu ere.
Aldi berean, zenbait panel egingo dira, eta aukera profesionalak titulazioen edo kideko jakintza arloen arabera zehaztuko dira: industria ingeniaritza; ingeniaritza informatikoa eta telekomunikaziokoa; nekazaritza ingeniaritza eta azkenik; ekonomia zientziak, lan harremanak eta zuzenbidea. Horretaz gainera, dinamizazio jarduerak egingo dira, eta parte-hartzaileek lana bilatzeko dituzten trebetasunak probatzen ahalko dituzte, hatz-marka digitala aztertu, curriculuma bideoan grabatu modu erakargarrian aurkezteko edo “photocall”ean argazki bat atera.
Enplegu topaketara joaten diren pertsonak elkarrizketak egite aldera prestatuak egoteko, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak doako zenbait lantegi antolatu ditu. Aste honetan amaituko dira, eta aurretiaz eman behar da izena. Curriculumari nola atera etekina edo errekrutatzaileekin egindako bilera nola aprobetxatu ahal den hobekien, horra lantegietan aztertzen dituzten gaiak.
Enpleguko azoka birtuala
Jardunaldi presentzialaren ondoren Enplegurako Azoka Birtuala egingo da urriaren 23tik azaroaren 15era. Han izango dira azoka presentzialean parte hartu duten entitate guztiak, azokan sortutako harremanarekin jarraitzeko, eta, aldi berean, azokan parte hartzeko denbora gehiago emateko.