Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) azaroaren 15era arte du irekita unibertsitate komunitateko kideek proiektu kulturalak proposatzeko deialdia. Aukeratzen diren jarduerak Unibertsitatearen 2020ko programazio kulturalean sartuko dira.
NUPen Iruñeko edo Tuterako erregistro orokorretan aurkeztu behar dira egun horretako 14:30ak baino lehen. Proiektuek balio hauek sustatu behar dituzte: sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, dibertsitatea, guztien ongizatea, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizimodu osasungarria, jasangarritasuna, eta, oro har, ingurunearekiko ardura. Deialdiaren oinarriak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.
Parte-hartzaileak eta lanen ebaluazioa
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizial eta ez-ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleek har dezakete parte, baita irakasle eta ikertzaileek (I-I) eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek ere (AZL), eta nork bere izenean edo talde batenean aurkezten ahal dituzte proiektuak.
Ebaluazio Batzordeak aintzat hartuko ditu, besteak beste, proposamena berritzailea den, dirua irabazteko asmorik gabea, Unibertsitate osoarentzat interesgarria, Unibertsitate komunitateko kide guztiek egiteko modukoa (bereziki ikasleek), eta NUP barruko eta kanpoko beste erakunde edo talde batzuekin egitekoa den. Aukeratu diren proiektuak ezagutzera emateko ebazpena Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da abenduaren 30a baino lehen.
Joan den urteko deialdian hamalau proiektu aukeratu ziren, hala nola literatura lehiaketak eta mintegiak, dibulgazio hitzaldiak, erakusketak eta “Yo quiero ser científica” antzezlana.