Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur, ostirala, urriak 11, eman dio Alumni Nabarmenaren IV. Saria José Antonio Hoyos Castañedari eta Entitate Nabarmenaren III. Saria AN Taldeari. Ekitaldia NUPeko Liburutegia egin da erakundearen 25. urteurrena ospatzeko, eta Ramón Gonzalo García izan da ekitaldiaren buru.
Erakundean zerbitzua ematen 25 urte igaro dituzten 42 pertsonak omendu dituzte ekitaldi instituzionalean (26, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak eta gainerako 16ak, irakasle eta ikertzaileak). 2019ko irailetik 2019ko abuztura bitartean jubilatutako 18 langileen lana ere aitortu dute (horietatik 13 irakasleak, eta gainerakoak AZLak), eta aurten hil diren Unibertsitateko langileak gogoratu dituzte.
Bere hitzaldian, errektoreak lehenbizi mintzagai izan du ekitaldia egingo den lekua, Unibertsitateko Liburutegia —aurten 25 urte bete ditu—, eta ikerketaren akuilu, irakasleen eta ikasleen arteko interakzioa gertatzen den leku eta mundu zaratatsu bateko babesleku isil gisa deskribatu du. Haren iritzian, “murgilduta gauden iraultza digital bizkorrera egokitzen jakin du". Unibertsitatean zerbitzua ematen 25 urte igarotako langileen eta jubilatuen lana, ardura eta ahalegina ere aitortu du, eta gogoan izan ditu unibertsitateko komunitateko kide zenduak.
José Antonio Hoyosentzat ere izan ditu esker oneko hitzak Ramón Gonzalok. Errektoreak nabarmendu ditu “José Antonio Hoyos gidatu duten balioak: talde-lana, saiamena, pazientzia, proba eta akatsa, ikerketa, porrota, arrakasta, frustrazioa, satisfazioa eta bere lorpenak besteenak balira bezala azaltzea”; AN Taldeari dagokionez, agerian jarri du “taldearen enpresa nagusian lan egiten duten unibertsitarioen % 51 NUPekoak direla”.
José Antonio Hoyosen hitzaldia
Esker oneko hitzaldiaren hasieran, alumni nabarmenak Unibertsitatean igarotako urteak gogoratu ditu, eta, zehazki, Luis Mercader del Ríok eman zizkion eskolak, bai eta modu filosofikoan lotu ikasitako ezagutzak geroko bizipenekin ere.
José Antonio Hoyosek bere ibilbide profesionala izan du mintzagai, eta kontatu du nola erabaki zuen berrogei urte zituela bere bizitza goitik behera aldatu, jabetzak saldu eta ongi ordaindutako lana uztea bizitza berri bat hasteko. Boluntario joan zen Tanzaniako GKE batekin, eta gero Vicente Ferrer Fundazioak Indian duen Professional School of Foreign Languagesera, lehenik frantseseko irakasle eta geroago koordinatzaile. Sarituak azaldu duenez, familia txiroetako eta kasta baztertuetako gazteak dira eskolako ikasleak. Han hizkuntzak eta lan elkarrizketa batean nola jokatu ikasten dute. Ikasleen % 95ek baino gehiagok lortzen dute lana prestakuntza horri esker.
“Unibertsitateko esperientziak desafio kognitiboak eta haiei aurre egiteko metodoa eman zizkidan, testuinguru diferenteak eta haietan murgiltzeko eta toleranteagoa izateko gaitasun malgua, jakin-mina eta hura asetzeko gogoa, irakasle bikainak eta anaiak balira bezala maite ditudan lagunak”, nabarmendu du Hoyosek. Horretaz gainera, azaldu du berak lan egiten duen eskolari eman zitzaiola osorik Vicente Ferrer Fundazioari aurreko urtean emandako Brunet Sariaren dirua. Beraz, saria behar bezala erabili dela egiaztatu ahal izan du.
Francisco Arrarás AN Taldeko buruaren hitzaldia
Bestalde, Francisco Arrarás Echeverría AN Taldeko buruak nabarmendu du entitate nabarmenaren aitorpenak bere enpresaren eta unibertsitatearen arteko lankidetzako praktika onak aitortzen dituela. “Beraz, sari hau lankidetzaren fruitu gisa bakarrik uler daiteke, eta, horrenbestez, NUPen eta AN Taldean batera lan egiten duten pertsona guztiei eskertu eta eskaini nahi diegu: irakasle eta ikertzaile guztiei, unibertsitateko profesionalei eta urte hauetan guztietan gure kooperatibarekin egindako jarduera eta proiektuetan parte hartu duten ikasleei. Eta AN Taldeko langile, bazkide eta zuzendariei, baterako lan honetan izan duten inplikazioagatik eta gogo biziagatik”.
Alde horretatik, azpimarratu du lankidetza “gauza naturala dela guretzat, gure DNAn dagoen zerbait. Gure historian zehar, aliantza positiboak bilatu ditugu beti, eta duela urte batzuk argi eta garbi ikusi genuen NUPekin lankidetzan jarduteak emaitza onak ekarriko zituela bi entitateentzat”.