Joan eduki nagusira

zoom Taldean ateratako argazkia, erakusketan parte hartu duten agintari eta parte-hartzaileena.

Taldean ateratako argazkia, erakusketan parte hartu duten agintari eta parte-hartzaileena.

“Jakina, NUPen muina” erakusketak gaur eman die hasiera, asteazkena, urriak 9, Liburutegiaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiei. Urriaren 11ra bitartean (ostirala) egingo dira ekitaldiak. Erakusketak zenbait panel ditu, eta forma erdizirkularrean daude jarrita (Liburutegiaren ganga irudikatzeko) Ikasgelategiaren eta Liburutegiaren arteko gunean. Liburutegiaren historia jasotzen dute, hasi bere eraikuntzatik (Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoak eraikia) eta bere baliabide bibliografikoetara, beste datu interesgarri batzuk barne. “El Colectivo” enpresak diseinatu du erakusketa, bai eta efemeridea ospatzeko logotipoa ere.

Honako hauek joan dira inauguraziora: Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea, Carmen Echeverría Arambillet Liburutegiko zuzendaria eta Joaquín Romero Roldán NUPeko kudeatzailea, bai eta  Liburutegiko langileak eta unibertsitateko komunitateko beste kide batzuk ere. Horiez gainera, honako hauek ere joan dira: Javier Sáenz Guerra —arkitektoa eta Francisco Javier Sáenz de Oizaren semea—; Ana Burusco Juandeaburre Unibertsitateko zuzendari nagusia Nafarroako Gobernuan; Víctor Sanz Santacruz Nafarroako Unibertsitateko zuzendaria eta Fernando Ros García Nafarroako Liburutegien Sarearen ordezkaria.

Erakusketa fisikoaz gainera, webgune bat dauka jendeak eskura, bai Liburutegiko bai Unibertsitate osoko eraikinak eraiki zituzteneko irudi eta mugarri garrantzitsuenak jasotzen dituena, bai eta Francisco Javier Sáenz de Oizari buruzko datuak ere.

Liburutegia, zenbakitan

zoom Parte-hartzaileak, erakusketaren edukiari buruzko azalpenak entzuten.

Parte-hartzaileak, erakusketaren edukiari buruzko azalpenak entzuten.

Erakusketan jasotzen denez, NUPeko Liburutegiko lanak 1992an hasi eta 1994an amaitu ziren. Eraikin hori Arrosadiko campuseko ardatza da. Hormigoizko eraikuntzan, Boullé motako kanoi ganga nabarmentzen da, hogeitik gora metroko diametroa duena. Gangan jarri da Liburutegiaren 25. urteurrenaren oroitzapenezko biniloa (bi fatxadetan).

Instalazioak jendearentzat lehenbizikoz ireki zituztenean, Liburutegiak 140.079 liburu eta 1.890 aldizkari zituen, guztiak paperean. Egun, 443.137 liburu ditu (liburuen % 21 euskarri elektronikoan) eta 11.584 aldizkari (aldizkarien % 95,7 elektronikoak dira).

Zerbitzuei dagokienez, etxera maileguan eramateko 62.480 ale kudeatzen zituen hasieran, eta 2018an, berriz, 58.265 mailegu eta dokumentu elektronikoen 676.746 deskarga. 1994an aurrez aurreko 402.617 bisita izan zituen; 2018an, berriz, 857.776. Gainera, web-aren bidezko 385.395 kontsulta egin dira. Academica-e NUPeko biltegi instituzionala Unibertsitateko Liburutegiaren mende dago, eta 14.000 objektu digital eta 4 milioi deskarga baino gehiago ditu.

Bestalde, 2018an 1,4 milioi euro inbertitu zituzten baliabide elektronikoetan eta 243.226 euro paperezko baliabideetan. Horrez gainera, hasieran erabilera publikoko 16 ordenagailu izatetik egun 200 ordenagailu izatera pasatu da Liburutegia.