Joan eduki nagusira

zoom Artikulua idatzi duten ikertzaileetako batzuk, NUPeko ISC institutukoak. Ezkerretik eskuinera: Peio López, Imanol Picallo eta Francisco Falcone.

Artikulua idatzi duten ikertzaileetako batzuk, NUPeko ISC institutukoak. Ezkerretik eskuinera: Peio López, Imanol Picallo eta Francisco Falcone.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ISC Smart Cities institutuko zenbait ikertzaileri argitalpen onenaren saria eman diete ISSI 2019 biltzarrean (“International Symposium on Sensors and Instrumentation in IoT Era”; euskaraz, Gauzen Internetaren Aroko Sentsoreen eta Instrumentazioaren 2019ko Nazioarteko Sinposioa). 

Monterreyeko Teknologia Institutuko (Mexiko) eta Universitat Rovira y Virgili-ko (URV, Tarragona) beste ikertzaile batzuekin egin dute ikerlana gai honi buruz: nola kudeatu modu eraginkorragoan ospitaleetan eta larrialdietan haririk gabe Internetera konektatuta dauden gailu digitalak arlo medikoko funtzioak exekutatzeko (Gauzen Interneta deitzen zaio horri). Ikerlanaren helburua da halako gailu asko dituzten inguruneetako komunikazioa hobetzea, konexio etenaldiak eta, beraz, funtzionamendu arazoak gerta ez daitezen.

Zehazki, ikerlanaren izenburua “Context Aware Intensive Care Unit Wireless System Analysis” da (“Testuinguruarekiko kontzientzia duten eta zainketa intentsiboetako unitateetan haririk gabe erabiltzen diren sistemen analisia”), eta ikertzaileak, berriz, hauek: Francisco Falcone Lanas, Imanol Picallo Guembe, Peio López Iturri eta Erik Aguirre Gallego (denak NUPeko ISC institutukoak), Mikel Celaya-Echarri eta Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras (Monterreyeko Teknologia Institutukoak) eta Agusti Solanas (URV unibertsitatekoa).