Joan eduki nagusira

zoom Mikel Izquierdo Redin, NUPeko ikertzailea.

Mikel Izquierdo Redin, NUPeko ikertzailea.

Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedraduna da. Adineko pertsonei arreta osoa emateko gida kliniko bat prestatzen lagundu du, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) berriki argitaratutakoa. “Guidance on person-centred assessment and pathways in primary care” (“Pertsona ardatz duen ebaluazioari buruzko orientazioak eta oinarrizko osasun laguntzan jarduteko bideak”) du izenburua, eta populazio sektore horren mugikortasuna hobetzeko atalean VIVIfrail programa jasotzen du, hots, 70 urtetik gorako pertsonen ariketa fisikoa sustatzen duen programa bat erorikoak eta hauskortasuna saihesteko. Proiektua Europan hasi zen garatzen, eta bi urtez (2014tik 2016ra) Europako bost herrialde aritu ziren elkarlanean (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua), arestian aipatutako NUPeko ikertzaileak koordinatuta eta Europar Batasuneko Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barnean. Gaur egun, Latinoamerikako bost herrialdetan ari dira ezartzen, EBko Horizon 2020 ikerketako eta berrikuntzako programari esker.

2017. urtean Europako Batzordeko adituen panel batek “jardunbide egoki” gisa hautatu zuen VIVIfrail proiektua. Proiektu horrek indarra, oreka eta ibilketa batzen ditu 70 urtetik gorakoentzako entrenamendu-programa batean, ezer ez egitea baita hauskortasuna sortzen duen arrisku-faktore nagusia. "Posiblea da adinekoen desgaitasunari aurre egitea hauskortasunean eraginez, azken hau atzematen ahal delako eta haren aurka esku hartzen ahal delako", esan du Mikel Izquierdok.

Entrenamendu-programa hori ezagutarazteko, ikertzaileek doako zenbait material argitaratu zituzten osasunaren arloko eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalei zuzenduak: hezkuntza gida bat, gailu mugikorretarako aplikazio bat (telefono adimentsuak eta tabletak), eta liburu elektroniko bat. Denak ere proiektuaren webgunean eskuratu daitezke (www.vivifrail.com) eta berriki eguneratu dira.

Osasun zerbitzuek dirua aurrezteko aukera

OME orain VIVIfrail proiektuaren berri ematen ari da. Proiektua garatu zen bi urteetan, hauskortasun arazoak zituzten Europako zazpi herrialdetako 960 adineko pertsonak hartu zuten parte (Alemania, Belgika, Espainia, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Txekiar Errepublikakoak). Taldeko erdiek astean bi aldiz egiten zuten ariketa programa, 45 minutuz, eta nutrizio hezkuntzako programa bati ere jarraitzen zioten. Urtebete pasatu ondoren, ikusi zen jarduera fisikoko programa egin zutenek nabarmen hobetu zituztela zenbait parametro, kontrol-taldearekin alderatuta: indarra eta funtzionalitatea irabazi zuten, baita autonomia handiagoa lortu ere. Halaber, funtzio kognitiboak hobetu eta mina gutxitu zuten. Programaren kostua positiboa izan zen osasun zerbitzuentzat. Ikertzaileek kalkulatu zuten 700 euro inguru aurrezten direla urtero paziente bakoitzeko.

Mikel Izquierdo Navarrabiomed zentrora atxikia dago (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren Ikerketa Biomedikoko Zentroa), baita Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutura (IdiSNA) ere, eta OMEren argitalpen batean aditu gisa parte hartzen duen bigarren aldia da hau. Izan ere, 2018an “Be he@lthy, be mobile” izeneko ekimenean hartu zuen parte (“Izan osasuntsua, izan mugikorra”). Proiektu horren xedea zen diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten herrialdeetako osasun sistemetan telemedikuntza edo osasun elektronikoa zabaltzea adineko pertsonen artean, gaixotasun ez-kutsakorren aurka borrokatzeko eta zahartze aktiboa lortzeko. Proiektu hartan, Nafarroako ikertzaileak adineko pertsonen hauskortasunari aurre egiteko moduarekin loturiko edukiak prestatu zituen.

Era berean, Mikel Izquierdo OMEren Zahartze Aktiboaren partzuergo klinikoko kidea da. Unitate horretara bideratzen dira gai horri buruzko proposamenak mundu osotik.